Imajina ezazu: ETAk ez du komunikaturik plazaratu. Ez du su-etenik iragarri, ez delako aurretik surik izan, hau da, ez delako inoiz gatazka armaturik existitu gure herrian. Irratian, zure herriaz aritu direnean, ez dituzu sekula hitz hauek entzun: atentatua, leherketa, atxiloketak, hildakoak… Ez dago hutsunez betetako familia-argazkirik, ez dago hilobien aurreko negarrik, ez dago eskoltarik, ez torturarik, ez hogei minututako bisita burutzeko egin beharreko milaka kilometrorik. Gizarte berri honetako hi-tzak ez daude gorrotoz eta minez beteta, eta ahoek bata bestearen aurpegira tu egiteko baino, hitz egiteko balio dute. Ez dago atentaturik, ezta preso daudenen eskubideen zapalkuntzarik. Ez dago bahiketarik, ezta tratu txar, tortura eta irainik komisaria eta kuarteletan. Zure imajinazioak sortu duen mundu berri honetan, ez dago odolez zipriztindutako espaloirik, ezta kartzelan gaixorik hil den presorik, legez kanpo utzi den alderdi politikorik, indarrez itxitako egunkaririk. Pertsona guztien eskubideak errespetatzen dira, zentzu guztietan. Bizitzeko eskubidea, lehena, baina baita duintasunez bizitzekoa ere, eskubide guztiak barne: bakoitzak bere hizkuntzan bizitzeko, etxebizitza bat izateko, lan duin bat edukitzeko, diskriminaziorik ez jasateko… Pertsonen eskubideak eta kolektiboaren eskubideak bermatzen dira gizarte berri honetan. Errespetatu egiten da herriaren erabakia, berak nahi duena izan dadin. Politikariek ez dituzte egunkarietako orrialdeak eztabaida zantzuz betetzen eta hauteskunde aurreko inkestei begira egon beharrean, herritarren arazoak dira euren kezka nagusia. Bakean bizi den herri bat imajinatu dezaket. Baina benetako bakean, fundamentuzko bakean, eskubideak ahaztu eta zapaltzen ez dituen bakean. Ez dakit, baina, hau Lennon-en kanta bakezale baten antza duen amets bat besterik ez den, ala benetako aukera bat.