Izugarria izango da. Ona baino hobea. Hurrengo urteak ez du parerik izango. Gauza on asko gertatuko dira. Hauxe da nire lagun batek egin didan iragarpena. Urtea baikortasunez hastea erabaki du. Esan didanez, hasiera onik gabe ez dago urte onik, beraz, abiatzea behintzat baikorra izan behar. Dioenez, gero etorriko dira aldapak, joango da gutxika energia higatzen, gastatzen, ahultzen. Hasi gaitezen, beraz, indarrez. Hor bere filosofia.
Hamaika zenbakia bi dorrez eraikia dagoela esan dit, dorre bikiez, eta dorre handiagoak jausi direla bertan behera, beraz, dorreak sostengatzeko ahalegina egingo duela berak, eta zutabeen oinarriari helduko diela, zimenduei, eta ez hainbeste eraikinaren kanpoaldeari, itxurari edo apaingarriei. Zin egin dit arazo inportanteek bakarrik kezkatuko dutela eta ez dela putzu txikian itoko. Urte berriak ekartzen dizkion arazoei urrunetik begiratzeko ahalegina egingo du eta ezer egin aurretik egoera erlatibizatzen saiatuko da. Zer den inportantea, zer den ezinbestekoa, eta zer den azalekoa edo hutsala. Hauek bereizten jarriko ditu bere indar guztiak, benetan inportantea denari denbora eskaini ahal izateko.
Eta arazoen aurrean, zebrak lehoiaren aurrean egiten duten bezala egingo duela esan dit. Zebrak lasai egoten dira larrean lehoia agertzen den arte. Orduan, arriskua ikusten dutenean, larritu egiten dira eta ihes egiten saiatzen dira, baina ez aurretik. Gizakiok aldiz, lehoia etorri daitekeela pentsatuz bakarrik kezkatzen garela kontatu dit, nahiz eta lehoia azkenean etorri ez.
Urte hasierako indarra gogo-bizi bihurtu nahi du nire lagunak. Horretarako munduari ume baten antzera begiratzen saiatuko da, eta dena emanda gozatuko ditu berri onak eta une zoriontsuak. Eta bai, une latzak datozenean ere negar egingo duela esan dit, gogoz, tristurak begietatik ahalik eta azkarren ihes egin diezaion.
Izugarria izango da. Ona baino hobea. Nire lagunaren taldekoa izan nahi dut, urte hasieran behintzat. Beste kiderik? Urte berri on.