Bi emakume kalean berbetan. Hirurogei urte inguru bakoitzak. "Bizitzak berak ematen du beldurra, bai, bizitzak berak," esan dio batek besteari. Ez dago elkarrizketa zati bat entzutea baino pizgarri hobeagorik imajinazioarentzat. Haien elkarrizketaren gaia asmatu nahian egin dut aurrera, eta pentsatu dut urteekin, zimurrekin batera gehien hazten den gauzetako bat beldurra dela. Gaztetan ez dago beldurrik, eta ez da gazteak pertsona helduak baino ausartuagoak direlako, kontua da ez direla arriskuaz ohartzen. Benetako ausartak arriskuaz ohartu arren beldurra gainditzen dutenak izaten dira. Urteekin arriskuak tamainaz handitzen dira eta norbanakoaren burua babesteko ahalegin gehiago egiten dugu. Nire lagun batek dio, hainbeste urteren ondoren, maitasuna hartu diola bere buruari, eta horregatik jada ez dituela egiten gaztetako zorakeri batzuk, orain arriskutsuak iruditzen zaizkionak.

Beldurra onuragarria izan daiteke neurri batean, arrisku askotatik urruntzen gaituelako, baina gehiegizko beldurra kaltegarria da guztiz, askatasunaren bidean oztopo bat, paralizatu egiten gaituen tresna delako. Norbanakoentzat kaltegarria dena, aldiz, onuragarria da mundua gidatzen duten botereentzako, beldurra baita gizakia kontrolatu ahal izateko tresnarik eraginkorrena. Ez da harritzekoa beraz beldurrean oinarritua egotea pairatzen dugun sistema politiko eta sozial hau.

Horregatik, beldurra bera da beldurgarria. Izan ere, pertsonarik arriskutsuenak beldurra dutenak izaten dira. Beldurrak muturreko gauzak egitera eramaten ditu pertsonak, eta are okerragoa izan daitekeena kasu askotan, gauzak ez egitera eramaten ditu, gauzak egiteko ausardiarik ez izatera. Norbanakoaren beldurrak kolektiboaren beldurra dakar, eta ondorioz honen paralizazioa ere. Gizartearen desmobilizazioa.

Gogoz geratu naiz kalean berbetan zegoen bikoteari erantzuteko bizitzak berak beldurra eragin dezakeela, bai, baina are beldurgarriagoa dela beldurra bera.