Patioan, haize boladek eskegita dauden kamisoi, galtzerdi, galtzontzilo eta kamisetak mugitzen dituzte, hara eta hona. Barne espazio horretan, garbigailu eta garban-tzu lapikokoaren usaina nahasten da; erdi gastatutako pilekin dabiltzan irratiak en-tzuten dira, senitartekoen arteko errietak, haurren negarrak; eskegita dauden izara zuriek errendizio baten bandera zuriak dirudite. Etengabe berriztatzen ditugu eraikinak kanpoaldetik. Aldamioak jarri eta paretak margotzen ditugu. Eta hor geratzen dira barne-patioak, ahaztuak askotan, azala altxatutako paretak erakutsiz, urraturiko teilatu-hodiak, alde batetik bestera hainbeste ibilita gastatutako arropa eskegitzeko sokak. Leihoetatik etxeko txabusinak soinean dituzten itzalak ikusten dira, felpazkoak, eta bat batean desagertzen dira beste leihoren batetik norbait begira dutela antzematen dutenean. Gizon bat ikusten da, tirantezko kamiseta jantzita, leihoan zigarroa erretzen, begirada galduarekin. Gure barnean, eraikinetan bezala, barneko patio bat gordetzen dugu, eta eraikinekin gertatzen zaigun antzera, askotan ahaztu egiten dugu, gutxika honda-tzen utziz. Gure kezka kanpora begira dago: zer esango duten, nola ikusiko gaituzten… Eta kanpotik apaintzen gara, berriztatutako eraikinak bezala, eta gure aurpegirik onena erakusten saiatzen gara, barnean dugun egitura, pertsona egiten gaituen hori, ahaztuz. Nahiago dugu hori ezkutatzea, lotsa ematen baitigu erakustea, barne patioan bizilagunaren begiradarekin topo egiteak beldurtu eta lotsatzen gaituen bezala. Gure duintasuna eta irudia ez dira berdinak gure inguruko dekoratua eskegitako kulero eta sukaldeko trapuak direnean. Ez, hor ezin gara kanpoan garen pertsona distiratsu hori izan. Baina ez dago barruaren berriztatzea bezalakorik. Besteen aurrean garen modukoak agertu, trapu zahar-zikin eta guzti. Horrela bakarrik ekidin daiteke barne-hondatzea. Azkenean, kanpotik ere antzematen dena.
- Multimedia
- Servicios
- Participación