NERABEZAROAN konplexuen garaia izaten da, norbere buruarenganako konfiantza faltarena. Jeneralean, barregarri geratzeko edo inor mintzeko beldurrak barruan sentitzen dutena ezkutatzera bultzatzen ditu nerabeak. Eta normala da segurtasun faltak ispiluaren aurrean ordutan egotera bultzatzea, zalantzan beti, hau edo bestea jantzi.
Baina urteekin norberaren buruaren kontrola biguntzen eta malgutzen doa. Adibidez, kalera irten aurretik ispiluaren aurrean apaintzea ia ezinezkoa izaten da ume txikiak izatean. Nahiko lan izaten da hauek jantzi eta apain-tzen, norberaren buruari begira egoteko moduan. Horretarako asmatu zuten igogailuko ispilua.
Baina auto-kontrola guztiz malgutzen den garaia erretiroaren ingurukoa izaten da. Eta ez dut esan nahi adineko gizon eta emakumeek ez dutenik euren burua zaintzen, besteek esango dutena gero eta gutxiago axola zaiela da esan nahi dudana. Adin horretan gizon-emakumeek burutik pasatzen zaien guztia esaten ikasten dute, auto-zentsura ia guztiz baztertu arte.
Bizitzan mila hitz irentsi eta mila iritzi makillatu, disimulatu eta edertu ondoren, behin adin horretara helduta, hitzak dardoen antzera ateratzen dira gizon-emakumeen ahoetatik, zentsurarik gabe, zorrotz, haien ondorioak zeintzuk izan daitezkeen gehiegi pentsatu gabe.
Nire lagun batek dio, jubilatu zenetik, bere aita beste bat dela, inoiz esan ez dituen gauzak esaten dituela, guztiz zakartuta eta ipurterre dabilela. Bizitzan isildu duen guztia esateko adinean dagoela erantzun diot. Beste lagun batek kontatu dit bere amak, hirurogeita hamar urte bete zituenetik, pentsatzen duen guztia esaten duela. Horrela, naturaltasun osoz esaten diola loditu egin dela edo oso jaka itsusia erosi duela, kontuan izan gabe bere hitzek bere auto-estimuan izango duten eragina.
Hau ikusita, aitortu behar dut halako lasaitasuna ematen didala pentsatzeak behin adin batera helduta, edozertarako lizentzia izango dugula: pentsatzen duguna esateko, denda batean beherapena eskatzeko edo euri zirina hastean buruan plastikozko poltsa jartzeko. Konplexurik gabe. Libre, azkenean.