karmele, zure laguntza behar dut, zerbait egin behar duzu. Nire lagunaren ahotsa tragikoa iruditu zitzaidan eta hasiera batean larritu egin nintzen. Karmele, zuk astero zutabea idazten duzu egunkarian eta bertan salatzen baduzu, amesgaizto hau geldi-tzeko pausu bat eman dezakegu. Barregura eragin zidan. Artikulu batek iritzia sortzeko duen gaitasuna puzten ari zela esan nion, ida-tzitako lerro batzuek ezin dutela ezer aldatu, ezer eragin. Nola ezetz, erantzun zidan, begira bestela zelako lurrikara eragin duen egunkari katalanek idatzitako editorialak? Inbasioa modu batera edo bestera gelditu egin behar genuela esan zidan, gizon haiek gure herri eta hirietan sartzen hasiko zirela, eta laster beranduegi izango zela. Karmele, mesedez, salatu ezazu zure artikuluan, jendea ohartarazi behar dugu, arrisku handia da gure herrietara sartzeko baimena ematea gizon haiei.
Ondo da, esan nion. Zerbait idatziko nuen, baina ohartarazi nion ez genuela ezer lortuko. Gainera, bere jarrera erradikalegia iruditzen zi-tzaidala azaldu nion, zelaiari ezin zaiola mugarik jarri, ezin diogula gure herrietara sartzea inori galarazi, datorren lekutik datorrela. Baina bueno, hala eta guztiz ere, laguna maite dut eta hemen doa hari laguntzeko saiakera.
Nire lagunari ez zaizkio inoiz Gabonak gustatu. Gorroto izan ditu beti kaleko argiak, gabon-kantak? Baina jendeak bere balkoietan gora doazen Santa Claus horietakoak jartzen hasi denetik, nire lagunak ezin du gehiago. Gauez amesgaiztoak izaten dituela aitortu dit, gizon lodi bizardunak ikusten ditu bere gelako leihotik sartzen eta oso gaizki pasatzen du.
Beraz, zure leihoren batean Santa Claus horietako bat zintzilikatzekotan bazaude, eskari bat egin nahi dizut. Beste erremediorik ez badago, jarri ezazu leiho alboan arbola bat, argi batzuk, edo zorionak dioen kartel handi bat. Baina, mesedez, gorde ezkutuan gizon bizardunaren panpina, bestela nire lagunari zoratu egingo zaio eta. Serio hartu, mesedez, bere osasun mentala baitago jokoan.