piano afinatzaileei buruzko erreportajea ikusi dut telebistan. Pianoak urtean behin gutxienez afinatu behar omen dira, egokitu, euren baitara itzuli. Erreportajeari begira pentsatu dut beharko genukeela geuk ere afinazio saio bat, urtean behin behintzat. Gelditu eta egunero martxa frenetikoan jotzen ditugun teklak jotzeari uzteko beharra ez ote dugun pentsatzen dut, askotan ez baitugu jakiten zein soinu ari garen sortzen ere. Gelditu eta autoen antzera errebisioa pasatzekoa, eta ez naiz ari azterketa mediko bati buruz -batzuei enpresak eskaintzen die aukera hori urtero- arimaren, gure desioen eta daramagun bizitza planaren miaketa bati buruz ari naiz. Izan nahi genuena eta garenaren arteko egokitze saio bat beharko genuke. Garai batean liluratu eta amets egiten jarri gintuzten notak gaur ere sortzeko kapaz ote garen jakiteko behintzat. Inoiz izan genuen amets utopiko haren artean eta konformismoak zipriztindu eta bigundutako gure gaurko desioen artean dagoen distantzia kalkulatzeko bederen.
Zorionekoak pianoak. Guk, gizon eta emakume gaixook, ez dugu etxera etorriko zaigun afinatzailerik. Eta edukita ere ez dakit baliokoa izango litzatekeen. Izan ere, iruditzen zait bakoitza bakarrik izan daitekeela gai bere burua afinatzeko, bakoitzak bakarrik baitaki azken urteetan zein tekla zapaldu dituen etengabe, eta zeintzuk ez, zeintzuk saihestu dituen. Bakoitzak bakarrik daki zein tekla dagoen ugertzeko arriskuan eta zein gehiegizko erabileraren eraginez higatua, gastatua.
Baina ez, ez dugu sekula denborarik har-tzen geure burua afinatzeko, errebisatzeko, konpontzeko, bere baitara itzultzeko. Eta ez dut uste denbora falta denik arazoa. Ausardia kontua da. Agian sinfonia desafinatu eta okerreko bat aurkitzeko beldurrak paralizatzen gaitu. Edo, hobe esanda, ez digu une batez gelditzeko baimenik ematen.