Artikulu honen sinatzaileok Ikastola Lagunak ekimena eratzen eta koordinatzen ari gara gero eta ikastola gehiagotan, saretuz guraso juntakide ohiak, langile eta profesional ohiak, herritar xeheak… Ikastola mugimenduaren parte sentitzen gara, ikastola komunitatearen parte, eta ikastolen ekarpena eta ibilbidea ondaretzat ditugunez horiek sustatzea dugu helburu.
EAEn Eusko Legebiltzarrak, 2023ko amaiera aldera, 17/2023 Euskal Hezkuntza Legea onartu zuen, baita bere baitan oraindik garatu gabe dagoen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa EAEn definitu ere. Horren harira, Hezkuntza Sistema zerbitzu publikotzat hartuta, hausnarketa zabalagoa egin nahi izan dugu eta honako galdera hau egin diogu geure buruari: gaur egun ikastolok, Euskal Herri mailan, zer ekarpen egiten diogu euskal jendarteari euskararen transmisioari eta ikasleen hezkuntzarako eskubideari, ekitateari eta aukera-berdintasunari dagokienez?
XX. mendearen erdialde aldera, ikastolak herri ekimenaz sortu ziren, batez ere, hezkuntzaren bitartez euskararen eta euskal kulturaren, euskalduntasunaren biziraupena eta transmisioa ahalbidetzeko. Gerozkoan, pixkanaka, ikastolak euskal gizartearen ezaugarrietara egokitu egin dira, egungo izaera gorpuztu arte:
—Euskal Herri osoan euskara eta euskalduntasunaren transmisioa dute xede nagusia eta, hori oinarri, ikasleen hezkuntza eskubideak bermatzea hezkuntza sistemaren maila guztietan, ikasleen jatorria edo gizarte maila edozein delarik ere. Erronka berriei erantzuteko garaian, ikastolek urteetan zehar arlo honetan pilaturiko esperientzia ezinbesteko ekarpena da murgiltze eredua egokitzeko eta hobetzeko.
—Tokiko eskola komunitate autoeratuak dira ikastolak, haien titularrak, batzuetan, gurasoak eta, besteetan, guraso eta langileak izanik, kooperatiba integralak osatzen dituzte. Edonola, proiektu osoaren gaineko eskumena eta erantzukizuna biltzen ditu.
—Irabazi asmorik gabeko ikastetxeak dira, eskuarki herri onurako kooperatibak, legeak exijitzen dituen baldintzekin bat datoz eta haiek betetzen dituzte.
—Are gehiago, gaur edo bihar ikastolaren bat edo beste desagertuko balitz Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bere ondarea, legez, automatikoki EAEko Administrazioaren ondarearen parte izatera igaroko litzateke.
—Hezkuntzarako eskubidea sustatzeko asmoz, baliabide propioak erabiliz, doakotasuna bermatu nahi izan da ikastoletan, gaur egun ere hala bermatu nahi dute, ikastolara etorri nahi duten ikasle guztien matrikulazioa inolako trabarik eta oztopo sozialik gabe burutzeko. Horretarako, Administrazioek, adibidez EAEko Administrazioak, EHPZn aurreikusten diren programa kontratuen bidez, Hezkuntza Legearen 31. artikuluaren edukia bete beharko luke: “Hezkuntza Administrazioak behar diren baliabide publikoak jarri behar ditu, derrigorrezko ikasketak eta doakotzat jotako ikasketak benetan doan izan daitezen”. Noizko beteko du Administrazioak osotasunez ikasleen eskubide hori?
—Gardentasuna funtzionamenduaren ezaugarria dute. Adibidez, langileen kontratazioa, kontu auditoretzak, aurrekontuak eta emaitzak ikastolaren organoen menpe daude. Legeak agindu bezala, kontuak Kooperatiben Erregistrora (zeina publikoa den) bideratzen dira zorroztasunez.
—Ikastolak ukaezinezko tresna izan dira pedagogia berrikuntzarako, eta, horregatik, nazioarteko aintzatespena ere lortu dute.
Laburbilduz, ikastolek izaera eta eredu publiko herritarra osatu dute Euskal Herri osoan. Horregatik guztiagatik, euskal jendartearen erronka berriei erantzuteko garaian, ikastolok pilaturiko esperientzia ezinbestean kontuan hartu beharreko ekarpena da.
Bide horretan, iradokitzaileak iruditzen zaizkigu Joxe Azurmendi euskal filosofoaren hitzak eta bat gatoz berarekin ondokoa dioenean: “auzolan sistema sozializatzea eta unibertsalizatzea”. Hori izango litzateke ideia. Agian, ez da gauzagarria izango zenbait sektoretan, trenbide sistema, demagun, ezin izango da inoiz horrela antolatu. Ados, izan daiteke salbuespenik. Baina ez dezagun hartu printzipiotzat delako lelo hau: “estatuari emango diogu eta berak antola dezala”. Alderantziz baizik: “eman diezaiogun estatuari sozialki antolatzen ez dakigun hori… Baina hori bakarrik, ez gehiago”. Hezkuntza eremura etorrita, berriz, honelaxe amaitzen du elkarrizketa: “Publikoaren kontzeptua estatalarekin estaltzen da. Eta hor dago errorea. Publikoak ez du zertan estatala esan nahi. Publikoa izan behar da beti, baina, mesedez, ahalik eta gutxien estatala”.
Ikastolak herri ekimenak sortuak dira, Euskal Herriari hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzeko, herritar guztien eskubideak bermatuko dituen erakundea, hain zuzen, eta gizarte eragileek, guraso, zein langileek (dozenteak zein AZPkoak) kudeatua. Ez al da hori guztia zerbitzu publiko berri eta desberdin baten adierazle? “Publikotasun eredu herritar” baten aurrean gaude.
Joxe Azurmendik dioenarekin bat eginez eta izatez garen horretatik abiatuta, Euskal Herrian “publiko kontzeptuaren inguruko gogoeta” beharrezkoa delakoan gaude. Saia gaitezen modu berriak erabiltzen publiko kontzeptua ulertzeko!