Gernikan bukatu berria den Euskal pilotako Nazioen Ligan, Euskadiko euskal pilota selekzioak ofizialki nazio gisa parte har-tzeko aukera izan du. Horregatik, hasieran esan genuen modura, harro eta pozik sentitzen gara. Nola ez gara ba pozik sentituko euskal pilotariak ikurriña ordezkatuz nazioen arteko txapelketa batean Espainia eta Frantziakoekin berdintasunean lehiatzeko aukera izan badute?. Zoritxarrez, urte gehiegi itxaro behar izan dugu Kuban 1990n lehen saiakera egin zenetik. Baina kitto, aspaldiko bidegabekeria eta zentzugabereriari buelta emanez lortu da bidea urra-tzea. Bazen garaia!
Nazioen Liga oso arraskatatsua suertatu da, bai antolakuntza aldetik eta baita, kirol aldetik ere. Jai Alai pilotalekura jende asko hurbildu da eta giroa ezinhobea izan da, bereziki, Euskadiko euskal pilota selekzioak jokatu duenean. Gainera, Nazio gisa txapelketa irabaztea lortu da, zer gehiago eskatu ezta?. Beraz zorionak guztioi, batik bat bakoitzaren interes pertsonalak alde batera utzita, euskal selekzioaren koloreak defendi-tzea erabaki duzuonari, alegia, zuen barruko sentimenduekin lerrokatzeari lehentasuna eman diozunori. Balore horiek baitira, guztioi pertsona gisa definitzen gaituena, batzuk, komeni zaienean aitzaki gisa, kirola eta politika ez direla nahasi behar esan arren. Benetan handiak zarete eta handia egin duzue. Eskerrik asko!
Beraz, Euskal pilotan, Nazio aitortzaren bidea urratzen hasita dago eta lehen urratsa emana ere bai. Eta orain?
Uste dugu, euforia egoera honetatik haratago begiratzen hasteko momentua ere badela, zeren azken 35 urteetako aldarrikapenaren zati bat, garrantzitsua jakina, lortu arren, oraindik, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko Presidenteak onartu duen modura, benetako helmugara iristeko beste urrats batzuk falta direlako eta ia denok faltan botzen ditugulako. Eta Gernikako Jai Alai pilotaleku barruan nabarmen sumatu zen hori. Harmailetako giroa ikusi besterik ez hori konfirmatzeko, zazpiak bat eskuduak irudikatzen duen Euskal pilota selekzioa dela gehienok amesten duguna eta behar duguna, alegia, zazpi herrialdeek osatutako nazio honen benetako aitortza, alegia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pilotariekin batera, Nafarroa Garaiakoak, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa beherekoak ere Euskal pilota selekzio horretan parte hartu ahal izatea. Hori izango litzakeelako benetako Euskal Herriko euskal pilota selekzioa.
Gernikan jokatu den Euskal pilotako Nazioen Ligan, besteak beste demostratuta gelditu da ere, Euskal Herrian badagoela nahiko gihar gauzak ondo antolatzeko eta egin behar diren modura egiteko, alegia, errespetuz egiteko etsaien probokaziotan erori gabe. Zentzu horretan esan gabe doa lotsagarria izan dela espainiar hedabide batzuk Euskal pilota selekzioa partehartzen zuela jakinda beraien medioetan eta sareetan erabili dituzten mezuak eta gezurrak lehiaketa bera leher-tzeko eta guztia hankaz gora jartzeko.
Baina zorionez, beste behin, batzuen gorroto politiko horren tranpan erori gabe hartutako konpromisuak helmugaraino eramatea lortu da. Zentzu horretan, zorionak antolatzaileei eta Gernikara hurbildutako guztiei.
Beraz, ez dugu erronka txikia guztiok aurrean duguna. Orain, aspaldin hasitako bideari amaiera eman eta helmugaraino iristea dagokiku guztioi, ezin dugulako zakarrontzira bota orain arte egindako guztia. Nola?, orain arte bezala, segi, segi eta segi zintzo eta ausardiaz jokatuz.
Zentzu horretan esan, Euskal pilota selekzioaren eragile garen heinean, prest gaudela, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko Batzorde eta pilota elkarteekin elkarlanean aritzeko 7 lurraldetako pilotarien partehartzea, horrela nahi izanez gero bermatu ahal izateko saiakera berriak egiteko, egun, NEPFan dauden arauak eskaintzen duen aukera, zirrikitoaren bitartez, lagungarriak izan arren ez direlako nahikoak Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia-ko pilotariek erabakitzen dutena errespetatzeko.
Seguru oztopoak egongo direla bidean, orain arte egon diren bezala baina ez dago besterik. Handia da saria, Nazio aitortza jokoan Nazioarteko Euskal pilota Federazioan. Merezi du!, Gernikak merezi izan duen modura
Beraz, segi, segi eta segi egin behar, guztion euskal pilota selekzioa lortu arte.
Gora Euskal herriko euskal pilota selekzioa!