Síguenos en redes sociales:

Euskaraldia: eguneroko ekintza txikiak

Euskaraldia ezin da bi asteko ariketa sinboliko hutsean geratu

Euskaraldia: eguneroko ekintza txikiakArnaitz Rubio

Euskaraldian murgildu gara, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzea helburu duen mugimendu sozialean. Gizartean errotu nahi duen ekimen honek gure eguneroko harremanetan euskara lehenestera bultzatzen gaitu, hizkuntza-praktikak aktibatuz eta erabilera handituz. Hamaika eguneko praktika sozial masibo honen bidez, ohitura berriak sortu nahi dira, epe luzerako eragina bilatuz. Ez da nolanahiko erronka! Belarriprest eta Ahobizi rolen bidez, hizkuntza inertziak astindu nahi dira, herritarrok euskara gehiago eta erosoago erabil dezagun, eta, aldi berean, era guztietako entitateek euskaraz aritzeko aukerak eta baliabideak eskaini ditzaten.

Asmoa ederra da. Euskararen erabilera soziala indartu eta gure eguneroko harremanetan hizkuntza biziberritzeko urrats eraginkorrak ematea bilatzen da. Bistan da Euskaraldiak eragiten duela, baina funtsezkoa da eragin hori gizartearen eremu giltzarrietara –ekonomia, administrazioa, enpresa mundua– eramatea eta eguneroko jardun profesional eta instituzionaletara ere hedatzea, euskara biziberritzeko ezinbestekoa baita erabilera eremu berriak irabaztea. Hori gabe, hizkuntzaren erabilera mugatua izango da eta belaunaldi berriek ez diote erabilera praktikorik ikusiko.

Aipatutako eremu giltzarriak, eragin sozial eta sinboliko handiko alorrak dira, eta euskarak horietan presentzia izateak mezu argia igortzen du, alegia, eguneroko jardueretan hizkuntza erabilgarria, baliagarria eta prestigioduna dela. Euskara eremu horietan eroso baliatzeak, ohitura berriak finkatzen laguntzen du, baina euskaraz aritzeko aukerarik egon ezean, hizkuntza ohiturak aldatzea zailagoa izango da.

Esan bezala, Euskaraldian entitateek ere badute zeresana, eta azken urteotan gero eta enpresa gehiago ari dira bat egiten ekimenarekin, baita Korrika edo Bai Euskarari bezalako proiektuekin ere. Batzuek benetako konpromisoz parte hartzen dute, baina beste askok, tamalez, irudi garbiketa egiteko erabiltzen dute.

Euskara ez da kanpaina baterako apaingarri hutsa, eguneroko lan tresna izan behar du. Euskararen aldeko jarrera sinesteko modukoa izan dadin, enpresek eta administrazioek hizkuntza politika zein praktika sendoak behar dituzte, barne komunikazioan, bezeroekiko harremanetan eta lan jarduera guztietan euskararen erabilera bermatuko dutenak. Bestela, kanpoko mezuek ez dute eraginik izango hizkuntza ohituretan, eta aukera galduko dugu benetako aldaketa soziala bultzatzeko.

Administrazio publikoan euskararen presentzia handitu da azken urteotan baina, oraindik ere, hutsune nabarmenak agerikoak dira. Euskaraldiarekin lotuta, kolore politiko guztietako ordezkariak ikusi ditugu argazkietan irribarretsu, tartean ardura instituzional handiak dituztenak. Politikariak euskararen alde agertzen dira bere irudiarentzat onuragarria dela uste dutelako, gizarteak jarrera hori ondo baloratzen duelakoan. Eta ez da gutxi. Hala ere, horietako askok ez dute euskararekiko konpromiso aktiborik erakusten euren eguneroko jardunean, ez dute euskara erabiltzen, ezta ikasteko ahaleginik egiten ere.

Are gehiago, askoren hizkuntza politikek ez dute euskararen normalizazioa benetan bultzatzen. Ez dute uste euskara erabiltzeak edo hizkuntza sustatzeko politikak garatzeak haien irudia hobetzen duenik. Bestela, egingo lukete. Hala ere, ez dira atzean geratzen, argazkietako lehen planoan ageri baitira beti. Horregatik, kanpaina baten iruditerian agertzea, jardun koherenterik gabe, sinesgarritasun falta nabarmena da. Babes instituzionala ezinbestekoa da, bai, baina hitzek eta irudiek ez dute inolako baliorik ekintzekin bat ez badatoz. Euskararen aldeko konpromisoa ez da argazkietan neurtzen, eguneroko praktikan baizik. Horregatik, erakutsi behar diegu euskararen alde agertzea baino, euskaraz aritzea eta euskararen aldeko urratsak egitea dela benetan baloratzen duguna.

Euskaraldia ezin da bi asteko ariketa sinboliko hutsean geratu. Tresna bat da, ez helburua. Lagungarria da zalantzarik gabe, baina ez da nahikoa txapa bat janztea edo kartel bat jartzea, baldin eta horren atzean ez badago benetako konpromisorik. Euskararen erabilera sustatu nahi badugu, eguneroko jarrera aktiboa behar dugu enpresetan, komertzioetan, kirol taldeetan, administrazioetan eta, batez ere, norbanakoen eguneroko hizkuntza ohituretan. Aldaketa sakonena eguneroko hautu eta ekintza txikien bidez eraikitzen da. l