Jakin badakit esango dudan honek hautsak harrotu ditzakeela, baina konbentzimendutik -akaso kezka sakon batetik ere bai- ondoko baieztapena egiteko beharrean ikusi izan dut nire burua. Ez ote da izango, azken aspalditxo honetan, abertzaleok alderdi sozialistarekiko dependentzia-joko arriskutsu batean erori garela? Eta, deus esan baino lehen, bi ñabardura egin nahi ditut, inork ez dezan irakurketa interesaturik egin garatuko dudan ideia honen inguruan.
Hasteko, abertzaletasunaz ari naizenean ez naiz alderdi, elkarte edo erakunde konkretu batez ari. Konplexuagoa eta hedatuagoa da menpekotasuna, tamalez. Hortaz, balio beza honek autokritikarako eta ez, kolektibitatean gertatu ohi den bezala, norberaren akatsak pixelatzeko. Bigarrenik, edozein kortesia itxurazale alde batera utzita, nahiko nuke zintzotasunez -alde historikotik, baina ez historikotik bakarrik- alderdi sozialista errekonozitu; nirea ez baita inor edo ezer laidotzeko artikulua. Arzalluzek berak zioen ehun urteko alderdiek hainbat bertute behar dituztela ehun urte betetzeko. Sozialistek badituzte, agerian dago baietz.
Hala ere, aurrean dugun auzia dependentzia da; edo hori da, bederen, lerro hauetan nik planteatu nahi dudana. Dependentziaz ari naizenean ez naiz egitate koiunturalaz ari –unean unekoa dena, sistema demokratikoetan gehiengoak osatzeari eragiten diona–, ideologikoaz baizik, hondarrak uzten dituena.
Dependentziaren erroa subordinazioa da, definizioz; kasuan, botere bati. Subordinazioa materiala denean, ideia-sistema ukitzen duena, honek anulatu egiten du menderatuaren pentsamendua. Nola? Lehentasunen ordezkapenen bidetik. Zu ez zarenean zure lehentasunen hurrenkera egiteko gai, akabo, beste inork markatuko dizulako. Pentsatzen dut horretarako tresna egokiak direla deliberatuki puztutako etsaiak. Saiatuko naiz, laburrean, etsenpluen bidez esplikatzen.
Demagun Herri hipotetiko batean, Zorbanian, aspirazio nazionala arrunt hedatua dagoela. Imajina dezagun Herri horrek hizkuntza propio bat duela, zorbaniera, diglosia egoeran. Zorbaniak ez du estaturik eta subiranotasun formala Belandria eta Orfandia estatuetan urtua dago. Batak zein besteak eskura dituzten tresna guztien bidez ahalegindu dira Zorbania asimilatzen.
Belandrian ezkerrak agintzen du orain. Estatu horretan muturreko eskumak emaitza esanguratsuak lortu izan ditu azken urteotan. Orfandian ere bai; baina Orfandiari –edo Orfandiaren menpe dagoen Zorbania zatiari– oso gutxitan erreparatzen diogu. Arriskua, beraz, muturreko eskuma da. Muturreko eskuma Belandrian, noski; Zorbanian testimoniala izaten jarraitzen baitu.
Orduantxe, zorbaniar nazionalistek, herritar xumeak, lepoan hartu dute arrisku horri aurre egiteko zama guztia. Hartu edo hartaratzen diete, hedabideak tarteko. Botoa eman behar dutenean -edo, botoa eman gabe, debateak planteatzen direnean- azaltzen da gaia: muturreko eskuma Belandrian. Aritmetikari jarraiki, edozein epika alde batera utzita, zorbaniarrak ez dira eginkizun horretan erabakigarriak. Hain bada hil ala bizikoa, hain bada arriskutsua munstroa, Belandriako ezkerrak sakrifizioa egin eta muturrekoa ez den eskumari utz liezaioke boterea. Koalizio handia egin lezakete bertan. Baina interesa beste bat da.
Lehentasunak eta debatea bera Belandrian fokalizatuak daude. Eskuma eta muturreko eskuma batetik eta ezkerra eta muturreko ezkerra bestetik (ez gara gu atzo goizekoak; muturreko ezkerrak eta muturreko ezkerraren planteamenduek tokia hartu dute Belandriako gobernuan). Dikotomia horretan, zorbaniarrek, antza, ezinbesteko rola jokatu behar dute. Kausa zilegia izan zitekeenari –estremismoari aurre egitea– soluzio bakarra ematen zaio eta, konturatu orduko, xantaian eratortzen da. Esan dudan moduan, ez naiz soilik hautesle gisa ari.
Xurgatze kolektibotzat uler dezakegunak jarraian eramaten du xurgatzailearen mugarritze-lanera. Xurgatzaileak, indar-metaketa kapitalizatzen duenak, “munstroaren” alternatibak, zentralitate teoriko horren eremu ideologikoa nahieran murriztu dezake. Belandrian -eta, hedaduraz, Zorbanian- ekonomian, fiskalitatean, kanpo harremanetan edo edozein gaietan norbera ezin daiteke esparru jakin batetik atera. Oina atera orduko alarmak konektatzen dira, txirrina jo, argiak piztu eta hatz erakusle batek zentralitatera itzultzeko exijitzen dizu.
Eta hori horrela bada hainbat gaietan, zer esanik ez gai nazionalean. Ez dakit aipatu dudan lehen, baina Zorbanian aspirazio nazional nabarmena dago. Zentralitatearen eremua mugatu ahala, lehentasunak xurgatu orduko, herritarrei aldarriak nekez entzun dakizkieke; batzuetan, ahapeka; besteetan, hamaika baldintza eta aitzakiaren artean.
Hipotesia da, noski. Baina ni neu zorbaniarra banintz, herritar xumea, beharbada inolako iraultza edo norabide-aldaketa erradikalik planteatu gabe, mugarriak zaintzen emango nuke eguna. Akaso dependentzia hura gainditzeko konplexuak astindu behar ditugu, norberak bere burutik hasita.