Ez naiz igarlea eta ezta nahi ere, baina, duela hilabete batzuk Estatu Batuetan inkestek ziotena entzutean, nire artean esan nuen, Trumpek irabaziko dizkik hauteskundeak. Inkestetan nabaria zen inflazioak zeukan eragina estatubatuar gizartearen pertzepzioan eta Trumpen agintaldia ekonomia arloan askoz ere hobea jotzen zuela jendeak. Eta Estatu Batuetako hauteskundeetan ekonomia beti erabakigarria izan denez, gertatu dena gertatzeko aukerak handiak ziren.
Estatu Batuetan klase ertainak txirotzen joan dira azken hamarkadetan. Txirotze prozesu hori nabarmena izan da Rust belt izeneko eremuan, alegia, garai batean Estatu Batuetako bihotz industriala izan ziren estatuetan. Desindustrializazio latza jasan zuten. Estatu horiek eman diote Trumpi garaipena orain, eta 2016an ere bai.
Stiglitz nobel saridunak dio desindustrializazioak desberdinkeria sortzen duela eta ikuspegi hau zenbakietara eramaten badugu, oso esanguratsua da GINI indizea 41,3 puntukoa izatea Estatu Batuetan, eta Gipuzkoan, aldiz, 23,3koa. Nola liteke desberdinkeriak igoaraziko dituen ultraliberal batek populazio txirotuen atxikimendua lortzea?
Kontraesan nabarmena dirudi, baina jendeak ez du irakurketa kolektiborik egiten. Eten gabe sendotzen joan den ikuspegi indibidualistak epe motzari eta eguneroko estuasunei ematen die lehentasuna. Hori horrela, beste galdera bat sortzen zait: desberdinkeria horrela hazten utzi duen gizarte batek, nola exijitu diezaioke herritar txirotuari bere eguneroko larritasunetik begirada altxatzeko?
Mendebaldeko demokraziek duten arazo nagusia horretan datza, beraz: populazioaren zati oso garrantzitsu batek proposamen konplexu eta kolektiboei entzungor egiten die geroz eta gehiago. Populisten mezuek, ostera, geroz eta sarbide handiagoa dute. Trumpek gizarte itxia proposa-tzen du: immigrazioaren aurrean mugak blindatu eta ekonomian protekzionismoa.
Formula xinple eta ulerterrazak. Baina, aldi berean, gizartearen egiturazko arazoei erantzuteko balio ez dutenak. Adibidez, gizartearen zahartze prozesuari ezin zaio aurre egin immigraziorik gabe. Eta ekonomia globalizatu batean ikuspegi autarkikoek ezin dute behar den bezala sustatu enpresen lehiakortasuna eta, beraz, aberastasunaren sorrera orekatu bat. Gainera, populazioaren %1 da Estatu Batuetako aberastasunaren %70 baino gehiagoren jabe, eta Trumpek joera hori areagotu besterik ez du egingo.
Horri ez zaio aurre egiten komunikazio egokiago batekin edo populistek ezartzen dituzten markoei iskin eginez soilik. Hori egin beharra dago, bai noski, baina arazoa indibidualismoan dago. Gizartearen balioak aldatzen ez badira, nekez aldatuko dira debate publikoaren baldintzak. Balio kolektibo eta komunitarioak ezin dira, baina, indartu komunitatea bera indartzen ez bada. Nola indartzen da, ordea, komunitatea?
Alde batetik, nire ustez, komunitatea nekez indartu liteke sentimendu nazionala indartu gabe. 2016an Washingtonera bidaia egitera egokitu zitzaidan Smithsonianen jaialdira. National Mall-aren inguruan dauden Estatu Batuetako museo publiko nazional garrantzitsuenak ezagutu nituen, eta ikusgarria iruditu zitzaidan gune zabal hark duen asmo deliberatua herritarrengan sentipen nazionala indar-tzeko. Estatu Batuak gizarte anitza izaki, aniztasun horri guztiari sentipen bateratu bat eskaintzeko asmo sistematikoa ikusi nuen. Garai hartan latinoen eta emakumeen protagonismoa oso mugatua zelarik, 2020an horiek ere espazio propioa izango zutela erabaki zen. Honek beste galdera bat planteatzen du: Estatu Batuek halako ahalegina egin eta, nola liteke ikuspegi indibidualistak komunitatearen balioa ia ezereztea? Ez daukat erantzun argirik, baina iruditzen zait desberdinkeriak hemen ere eragin handia izan dezakeela. Nolanahi ere, oso argi daukat sentimendu nazionalak ekarpen handia egiten diola komunitatea sendotzeari. Baina ezagun da ez dela aski.
Komunitateak bizikidetza du berekin, eta harremanetarako ezinbesteko ditu espazio fisikoak eta birtualak. Grezia klasikoan agorak zuen garrantzia berreskuratu beharra daukagu gure herri eta hirietan. Geroz eta anitzagoak diren kaleetan komunitate bakarra sortzeko ahalegina sakondu egin behar dugu derrigorrez. Beraz, komunitatea goitik (nazioa) eta komunitatea behetik (kalea).
Euskal Herrian badugu eredurik prozesu honi behar den bezala heltzeko. Auzolanaren figuraren eguneraketak, adibidez, komunitatearen erronkei lankidetzaren bidez aurre egiteko aukera eskaintzen digu. Gure herrian indar handia duten elkarte sozialen sareak edo ekonomia sozial ahaltsuak aukera ezin hobeak eskaintzen dizkigute komunitateak tokian-tokian sendotzeko. Baliotsuak zaizkigu erronka handiei erantzuteko: pertsona etorkinak nola gizarteratu eta bertakotu, euskal nortasuna nola babestu eta indartu, balio sozial eta demokratikoak nola finkatu, euskararen biziberritzea nola azkartu, etab.
Trumpek irabazi ditu hauteskundeak, bai, baina ez du mundua irabazi. Eta erantzuteko prest gaude. Etxetik hasi beharra daukagu populismoa gihartzen duten baldintza sozialei bidea ixten. Eskuin zein ezker muturreko ideologiek ez digute lagunduko, gure herriaren garapen jasangarrirako ereduak bai ordea, eta eredu horren iparra komunitatea sendotzea.
Ukaezina da Trumpen garaipenak edota eskuin mutur populisten hazkunde beldurgarriak agerian jartzen dutela mendebaldeko demokrazia liberalek galdu egin dutela, neurri batean, herritarrekiko lotura. Beraz, demokrazia defendatu nahi dugun guztiok ahaleginak eta bost egin behar ditugu demokraziaren eta herritarren arteko harremana atzera bere onera ekartzeko. Kultura politiko berri bat bultzatu behar dugu, herritarrek deliberazio publikoan egoki partehartzea bermatuko duena. Euskadin badakigu zerbait horretaz. Asko lagundu diezaioke esfortzu horrek komunitatea indartzeari. Erakargarria eta pizgarria da, eta merezi du.
EAJ-PNVko legebiltzarkidea