Badira euskararen indarberritzeari buruz jardutean biribilgune baten irudia darabiltenak, bai eta bidegurutzeaz dihardutenak ere. Kezka berba ere azaltzen da hainbaten ahotan. Akaso, duela hainbat hamarkada aurreikusten genuenaren aldean asko aurreratu badugu ere, tarte horretan, bestelako egoera posible izan zitekeela sinestera iritsi garelako. Gerora, errealitateak ezerezean laga ditu geuk, eta geuk bakarrik, barruratu ditugun horiek.

Gure artean badira sinesten dutenak Gorbeiara iristeko zailtasunak dituen hiztun-elkarte honek, are gehiago gizarte honen gehiengo zabal batek, helmugara aiseago iritsiko dela eskakizunen eskala areagotuz gero, helmuga are garaiago irudikatuz gero. Uste dut ustezko anbizioa ezin eror daitekeela boluntarismoaren atzaparretan eta ez dela itxurakerien magalpean gorde behar. Egun, inoizko euskaldun alfabetatu gehien dagoen honetan, euskal prentsak erosle eta irakurle gehiago ez baditu, zein da arazoa? Zein da motiboa euskaldun elebidun gehienok erdal prentsa kontsumitzeko eta euskarazkoari gero eta kasu gutxiago egiteko? Ez ote da izango euskal prentsa deitzen den hori gizarte honen gutxiengo baten kezketatik abiatzen dela eta horren zerbitzura jarri dela eta, ondorioz, ez dela gauza lurraldez eta pentsaeraz askotarikoa den elebidunen gizatalde esanguratsu batekin konektatzeko? Beste horrenbeste esan daiteke zenbait kultur adierazpidez edota euskararen aldeko ekimen batzuez ari garenean. Gainera, sasoi batean ez bezala, non, bereziki, produktuak euskaraz zirelako kontsumitzen ziren, egun, elebidun, are gehiago eleaniztun, direnentzat hizkuntzek mugak baino ateak, aukerak, irekitzen dituzte... eta errealitate hau, zorionez, areagotu egingo da etorkizunean.

Nago, jende batek adierazten duenaren kontra, euskarari doakionez, hezkuntzaren arazoa ez dagoela ditxosozko A ereduan, gehiengo zabala izatera iritsi den eredurik euskaldunenean baizik. Hasteko, pentsatu beharko genuke zergatik gizarte honen zati esanguratsu batek eutsi nahi dion A eredu horri. Hala berean, hausnartu egin beharko genuke D ereduko ikasleek euskararekiko duten ikuspegia, igurtzia, sentiberatasuna eta atxikimendua, haien eguneroko jardunean euskararen erabilera galgatzera eramaten dituena. Esan gabe doa, irakaskuntzako profesionalez ere hitz egin beharko genukeela luze-zabal, haien lehentasunez, ikuspegiaz, prestakuntzaz, bokazioaz eta bestez... eta familiez ere bai. Uste dut gai hauetan gero eta gehiago aldentzen ari garela familietatik, bai eta gaur zein bihar-etziko herritarrengandik ere. Ez ote zaigu gertatzen ari, besteak beste, nire belaunaldiak euskararen inguruan onetsitako zenbait printzipio eta helburu ez direla ezkongarri belaunaldi berriek dituztenekin? Apika, mereziko luke honetaz hitz egitea eta belaunaldi desberdinak adostasun berrien bitartez josten saiatzea.

Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea; herri erakundeen tokia eta zeregina; lan mundua; aisialdia; gure egoera are gehiago oker dezakeen eta, aldi berean, duten eta izango duten pisu demografikoagatik, aukera bilakatu beharko genukeen migratzaileen etorreraren areagotzea eta abar. Hamaika eremu dauzkagu eta horietako bakoitzean helburuak definitu behar ditugu, nora iritsi nahi genukeen irudikatu behar dugu, hain zuzen. Maximalismotik urruti, hiztun elkarteari hazkuntza eta garapena segurtatzeko adinako helburuak formulatu behar ditugu. Birformulazio hori ezin bilaka daiteke desideratum moduko bat, besteei ezarri nahi diegun exijentzia moduko bat gure praktikarekin eta errealitatearekin bat ez datorrena, ez, ezin bilaka daiteke maximalismotik edaten duen aldarrikapen-multzo bat.

Frustrazioa, estresa, nekea eta nagia eragiten dituen ezer ezin izan daiteke euskararen biziberritzerako bidelagun. Bidegurutze eta pareko koplez ari garela, gauza izan beharko genuke egiten ari garena ikuspuntu kritiko eta autokritiko batetik aztertzeko. Orain arte egin duguna egiten jarraituz gero, ez daukagulako aurrerabiderik, ez eta etorkizunik ere. Gure gabeziak eta ezinak birbideratzeko eta haiei heltzeko une kritikoa da. Nago, euskararen inguruabarrean kontsentsu berria landu behar dugula herri honetako kultura, sentsibilitate eta tradizio politiko nagusien artean, abertzale eta ez-abertzale direnen artean, bakoitzaren marra gorriak ulertuz eta, bereziki, marra berdeak antzeman behar ditugu, ibilbide berri bati ekiteko eta euskararen biziberritzea berrindartzeko aukera bilakatuz... Eta halako batera ez gara hurreratuko iraganeko kontuetan, diskurtsoetan, jarreretan eta aldarrikapenetan tematzen bagara.