Frankismoa ezagutu genuenontzat, garai guztiz ilun horiek atzean utzi genituenok begirune eta errespetu handia diegu hauteskundeei eta hauek dakartzaten kanpainei. Errespetu eta begirune intentsua bai, guztiei, udaletxeetarakoetatik hasita, Herrialdeetako Batzar Nagusietarakoetatik jarraituz, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuak guztiz garrantzitsuenak erabakiko dituztenetarakoak ezin ahaztuz, eta nola ez Espainia mailako Hauteskundeak eta Europara begira direnak. Hauteskundeak demokraziaren ikurrak baitira. Hauteskunde gaberik ez baitago demokraziarik. Hauteskundeak eta kanpainak bikote banaezinak dira. Batak bestea dakar. Eta kanpainek hasiera daukate, eta amaiera. Hauteskundeak ditugu begi bistan oso gertu dugun maiatzaren 28an hain zuzen. Hamabost eguneko kanpainari atzo bertan gaueko 12tan eman zitzaion hasiera.

Kanpainak asko aldatu dira urteetan zehar. Ez dute zerikusirik orain dela 44 urte ospatu ziren lehen kanpainak gaur egunekoekin. Ez ditut sekulan ahaztuko lehen hauteskunde haiek, ezta kanpaina hura ere. Garai haietan, orduan, 25 urte soilik zituen mutil pertxenta hark ordurarte sinestezina iruditzen zitzaiona hura egi bilakatzen eta gauzatzen ikusi ahal izan zuen lehen aldiz: demokrazia eta hauteskundeak. Baina kanpaina hasierak ere asko aldatu dira, asko aldatu ditugu hobeto esan, izugarri. Kanpaina ostiraleko gaueko 12tan hasten bada, geure, bakoitzaren, alderdi politikoetako egoitzetan bi edo hiru ordu lehenago lan ugaria izan ohi zen.

Kartel ugari, ezberdinak: oso handiak, erdik tamainakoak eta txikiagoak, koloretsuak guztiak. Itsasteko kola ugaria prestatu behar, kuboak non nahi, baita erratz antzekoak kola non nahiko paretetan itsasteko asmoz, taldetxoak egin behar, hiriko, herriko edota auzoko zonaldeak banatu arduraz. 12tan lanera.

Orain, aldiz, leku berezi batzuk daude, panel txukunak hain zuzen, eta ez gehiegi, kartelak itsasteko. Gaur egun, gauza asko aldatu dira, kanpainetako helburu garrantzitsuak beste batzuk dira, bihurtu ditugu, gaur egun bereziki telebistek daukate indar komunikatibo boteretsua, irudiak eta imajinak garaile, begi bistako inpaktua nagusi, liderrak, argi fokuak, irribarreak. Kartelak eta kolak telebistetarako beharrezko anekdotak bilakatu ditugu. Halaz ere, eta dena dela, aldaketak aldaketa, ongi etorriak izan daitezen hauteskunde guziak, kanpaina guziak, kanpaina hasiera guztiak. Demokrazia bizirik dagoenaren ikurra baitira. Eta oraingoetan ere esan ohi den lez bakoitzean asko dugu jokoan, dute, dago. Han eta Hemen, hemen eta han. EAJk jarraitu behar irmotzen euskal gizartean bizkar hezurra izaten, beste hainbestetan EHBildu abertzale esparruan alternatiba indartu nahian bere jarrera pragmatiko-posibilista-adanista apustuaren ondoren (hantxe, Espainiako Madriden esan nahi baita; ez hemen, ez euskaldungoan). PSE ere lehian, bere modura. Podemos buru hauste eta kezketan murgilduak. Eta PP eta VOX limosnatxoak irrikan.