M aiatzaren 28an udal- eta foru-hauteskundeak izango ditugu gure herrialdean. Gure herriak eta foru-aldundia gobernatuko dituzten pertsonak aukeratuko ditugu herritarrok hautagaiek aurkeztutako programa oinarritzat hartuta.

Gu, udal-hautetsi garen neurrian, arreta bereziz aztertuko ditugu Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzea asmoa duten pertsonek egiten dituzten proposamenak eta garatzeko asmoa dituzten programak. Izan ere, gure udalek aldunditik jasotzen dituzte beren baliabide ekonomikoen zati oso inportantea, bereziki inportantea landa-herri txikion kasuan.

Gipuzkoako udalok foru-aldunditik bi molde nagusiren bidez jasotzen ditugu gure herritarren ongizatearen zerbitzura jarriko ditugun baliabide ekonomikoak: batetik, foru-funtsa eta, bestetik, dirulaguntza-deialdiak.

Oro har, dirulaguntza-deialdien bidez inbertsioak (herri-bideak, eraikin publikoak eraberritzea, herri-azpiegiturak osatzea, ....) eta programa espezifikoak (aisialdia, kultura, berdintasuna...) finantzatzen ditugu udalok. Halaber, erakunde publiko nagusien laguntza ere jaso dezakegu programa horiek finantzatzeko. Laguntza hauek deialdi lehiakorren bidez banatzen dira.

Foro-funtsa udal guztiok jasotzen dugu. Landa-udal txikion kasuan Udalak duen diru-sarrerarik handiena foru-funtsa da, urteko aurrekontu osoaren %60 baino handiagoa kasurik gehienetan. Zer egiten dugu udalok diru horrekin? Erraz esateko udala irekitzeko aukera ematen digu: herri-langileen soldata eta funtzionamendu-gastuak pagatzeko baliatzen dugu funtsa nagusiki. Funtsak irauteko oinarria ematen digu, baina ez haztekoa ezta herritarrek egun eskatzen dituzten zerbitzuak egoki ematekoa ere.

Bestalde, administrazioaren burokrazia asko hazi da atzen hamarkadetan. Udaloi gero eta lan administratibo handiagoa eta korapilotsuagoa egitea eskatzen zaigu, baina ez zaizkigu baliabide osagarriak eskaintzen. Finean, Udalok duela 30 urte genuen azpiegitura administratibo bera segitzen dugu izaten. Udal-langileak lanez lepo, tramiteak atzeratu egiten dira eta, ondorioz, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak ez dira egokienak izaten sarri.

Foru-funtsaren tamaina emendatzea konponbidea izan daitekeela pentsa lezake Urliak. Alabaina, funtsaren tamaina handituta ere, horrek ez du konpontzen, gure iritziz, landa-herri txikien finantzazioaren arazoa, egiturazkoa baita.

Iruditzen zaigu Foru-funtsaren izaera eta udal-finantzazioaren egitura birpentsatu beharko liratekeela datorren legealdian Gipuzkoako udalen arteko ekitatea indartzeko bidean. Foru-funtsaren oinarrian dagoen filosofia kafea guztientzat esaldiarekin defini daiteke. Izan ere, udalerriaren biztanle-kopurua da udal bakoitzak jasoko duen diru-kantitatea zehazteko oinarrizko magnitudea. Doiketa-mekanismoak minimoak dira. Funts-banaketak ez du aintzat hartzen udalerriak zein ezaugarri dituen, adibidez, udal-barrutian industria-poligonorik baduen ala ez, edo zenbateko ekonomia-jardueren gaineko zerga jasotzen duen herriko enpresetatik.

Biztanle-kopurua irizpide nagusietako bat izateak ondorioa izaten du egoera demografiko antzekoa duten bi herrietako biztanleek udalaren aldetik zerbitzu-maila desberdina jasotzea, batek industria-poligonoa duelako ez besteak ez. Lehenak seguruenik udal-langile gehiago izango ditu, zerbitzu gehiago eskaini ahal izango ditu eta dirulaguntza oparoagoak banatu ahal izango ditu herritarren artean.

Esan daiteke, Gipuzkoan baditugula landa-herri txikien artean lehen mailakoak eta bigarren mailakoak. Egoera hori ez da ekitatezkoa; ez du Gipuzkoa berdinagoa egiten. Izan ere, gure herrialdean garatzen diren politiken helburu nagusietako bat beharko luke izan herritarren udalen bidez jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatea parekoa izatea edozein delarik bizi garen herria. Ez da tamalez kasua. Foru-funtsak ekitatera hurbiltzen lagun lezake, birpentsatzen eta egokitzen badira egun indarrean dauden banaketa-irizpideak.

Gipuzkoa gobernatzeko asmoarekin hauteskundeen lehian jarri diren hautagaiei galdera bat botako diegu lerro hauen bukaera moduan. Konprometitzen al zara foru-funtsaren irizpideak berrazter-tzea eta udal-finantzazioaren egitura birpentsatzea zure agintaldiaren agendan ipintzera?