Itsasoa izango da protagonista Hondarribian, maiatzaren 15etik 18ra bitartean, ‘Hondarribia-Itsas Herria’ izeneko jardunaldien bigarren edizioan. Udalerriak itsasoarekin duen harremanaren garrantzia eta balioa transmititzen jarraitzeko publiko orori zuzendutako hainbat jardueraz osatutako ekitaldia da: itsasontziak, arrantzaleak, saregileak, itsasargiak, musika...

Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu zuenez, ‘Hondarribia-Itsas Herria’ egitasmoaren lehen edizioa iaz egin zen, eta harrera oso ona izan zuen. Bere esanetan, “ezin dugu irudikatu Hondarribia itsasorik gabe, Kantauri itsasorik gabe, eta gure herriak bilakaera bat izan duela argi dago, onerako eta ez hain onerako izan dena, adibidez eboluzio horren ondorioz gure nortasunean galera bat gertatu dela ikusi dugu. Ikuspegi folkloriko batetik begiratuta ez, baizik eta herriko zenbait jarduera ekonomikori begira gure kezkak ere baditugu””.

Zentzu horretan, iaz hasitako lanari jarraipena emanez, aurten itsasoaz gain landa eremura gerturatzeko ahalegin berezia egingo dutela adierazi zuen, itsas ondarearen ikuspegia zabalduz eta ingurune zabalago batean kokatuz. “Izan ere, guretzat itsasoa ez da bakarrik kostaldea; ibaia ere bada itsasoaren parte”. Hori dela eta, jardunaldien baitan, Udalak berriki berreskuratu duen gabarraren aurkezpen ofiziala egingo da maiatzaren 17an, larunbata, 11.30ean, Itsas Etxearen kanpoaldean.

Ekimen ezberdinak

‘Hondarribia-Itsas Herria’ jardunaldien erdigunea Itsas Etxea Auditoriuma eta San Pedro kalea izango dira. Adibidez, azken honetan jarriko da hilabete luze iraungo duen Inaxio Igos hondarribiarrak egindako egungo ontzien flotaren erakusketa.

Antolatutako beste ekimenen artean, hitzaldiak, dokumentalen proiekzioak, erakustaldiak, musika emanaldiak eta kontzertuak nabarmendu daitezke. Zentzu honetan, Alonsok jardunaldiak Udalak antolatzen baditu ere, elkarte desberdinekin era naturalean egindako elkarlan bat ere badela adierazi zuen, eta eskerrak eman zizkion eragile guztiei. Programa osoa esteka honetan ikus daiteke.

'Itsasoratu' ekimena igandean

Aldi berean, maiatzaren 18an, igandean, San Pedro kalea izango da ‘Itsasoratu’ egitasmoaren agertoki nagusia. Ekimen honen helburua da Hondarribian, orain arte turismoari lotuta ikusten ziren aisialdi-jarduera nautikoak herritarren artean ezagutzera ematea eta haien parte-hartzea sustatzea.

“Horretarako, hamaika enpresa desberdinek aukera izango dute bere eskaintza aberatsaren berri emateko San Pedro kalean, goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin”, esan zuen Estitxu Urtizberea zinegotziak.

Hain zuzen, Central Surf, Estatxa, Hondarribiko Bela eskola, Ipar Adventure, Kayak Basque Country, JC Poseidon, Navegavela, Ocean Tours Hondarribia, Pesca Hondarribia, Surf Teknika eta Water Joy Hondarribiak parte hartuko dute ‘Itsasoratu’ ekimenean. Hortaz gain, errealitate birtualeko stand bat jarriko da, eta zuzeneko musika eta haurrentzako tailerrak eskainiko dira ere.