Alaia, joan den ekainean, Nafarroa Arenarako txartelak salgai jarri bezain azkar erosi zenituen zurea eta zure lagun Joanesena. Orduan ez zenekiten noiz izanen zen munduko futbol koparen finala. Baina Joanes, futbolzalea izaki bertsozalea baino areago”. Bertso-fikzioa da. Igandean, inork ez zien halako gairik proposatu finaleko zortzi bertsolariei. Txapelketa Nagusian ere ez dira ohikoak entzuleen (arteko) urradurak azaleratzen dituzten gaiak. Futbolzaletasunak gure artean duen tamaina kontuan hartuta, bihotza erdibitua izanen zuen batek baino gehiagok Sadar ondoko pabilioi tzarra mukuru bete zuten zaleen artean. Norbaitek erabaki izanen zuen kointzidentziari ezikusia egitea. Ahora ekartzen ez den mamua ez da, nonbait, haragitzen. Saioan, dena dela, Gaztelumendik aipatu zuen bidenabar batean, Colinarekin ofizioan aritzean. Lujanbiok ere ekarri zuen, bazkalondoko agurrean: “…Sadarren/ zelaia hutsik eta Lionel Catarren/ …mobilari disimuluaz begiratu arren”. Hernaniarra eguerdiko atsedenaldiaz ari zen: 16.00etan, Lusail estadioko buruz buruko galaktikoa hasi zelarik, ordubete falta zen Arenako norgehiagoka lurtarra berriz ere abiatzeko. Aitzakia ona zen bertze gai baterako: “Aitor eta Nerea finala ikustera etorri dira elkarrekin. Goizeko saioa amaituta bazkaltzera irten dira, baina Nereak, arratsaldeko laurak bost gutxitan esan du: banoa komunera. Bostetan barnean. Nerea, ordea, ez da zazpi eta erdiak arte itzuli pabilioira, Aitor jadanik osotara larrituta dagoenean”. Halakorik izan ote zen? Nork jakin. ETBk arratsaldean eskainitako harmailen irudietan ez zen hutsunetik ageri goizeko saioaren aldean, ezta inor ikusten ere mugikorrei zehar begiraka. Munduaren erdiak begiak Catarren finkatuak zituen unean, Iruñean 13.000 lagun bertze kontu batean zebiltzan. Nafarroa Arenako herrixka galiarrean Lujanbio eta Arzalluz gailendu zitzaizkion Messiri eta Mbaperi; bertsoa futbolari. Bada marka.