Urteak azkar pasatzen badira ere, 14 urte baino ez dira pasa Arkamurka natura-elkarteak Azpeitiko Enparan Dorretxean Gazumen eraiki asmo zuten haize-erroten parkeari buruzko hitzaldia antolatu zuenetik. Orduan, Roberto Bermejo ekonomialaria, Alberto Frias abokatu ekologista, Toño Munillos ornitologoa eta Jose Ignacio Hormaetxea, EVEko zuzendari nagusia izan ziren gonbidatutako hizlariak.

Jardunaldi hura gogoan, azpimarragarria da Jose Ignacio Hormaetxearen presentzia eta hitzaldia; Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak berriki egin dituen eta Uztarrian ikus daitezkeen azalpenetan jasotzen denez, ez baita erraza energiaren inguruko plangintzen eta negozioen arduradunengandik argibideak jasotzea; are gutxiago, aurrez aurre.

Baina, horrekin batera, hilaren 14an alkateak egin berri dituen adierazpenak ez direla zuzenak argitu nahi da idatzi honekin. Dioenez, Statkraft enpresa hidroelektrikoak Azpeitia, Zestoa eta Errezil inguruetan zentral eoliko bat egiteko asmoak bi “elementu berritzaile” ditu: “Batetik, enpresa sustatzailea Norvegiako enpresa publikoa da, eta bestetik, energiaren munduan aurreneko aldiz hitz egiten da haren sozializazioaz eta demokratizazioaz, eta nola ez, lankidetzaz”.

Gazumen eraiki nahi zen zentral hidroelektrikoaren sustatzailea EVE Euskal Energiaren Erakundea bera zen eta ez dago zalantzan jartzerik erakunde horren izaera publikoa: erakunde horretatik banatzen baitira, besteak beste, berrikuntza eta efizientzia energetikoari lotutako dirulaguntza guztiak.

Bestalde, Enparan Dorretxeko hitzaldian, Hormaetxea, EVEko ordezkariaren ahalegin guztia, Gazumeko zentralak energiaren sozializazioan eta demokratizazioan ekarriko zituen onuren ingurukoa izan zen, bere ordezkaritzak hala behartuta. Ereduan dago koxka, bere diskurtsoan, sozializazioa enpresen irabazien bidetik egitea baitzen planteamendua, demokratizazioa prozedura administratiboaren baitan ulertzen zuelarik.

Statkraft enpresa hidroelektrikoaren ekimen honetan ez dago berrikuntzarik bide horretatik. Energia sozializatzeko modu bakarra, energia sistemaren kontrola izatea da: alegia, ekoizpena-garraioa-banaketa sistema osoan eragiteko aukera izatea. Zentral hidroelektriko, eoliko edo fotovoltaikoekin ekoizpenean eragin daiteke, baina ez garraioan eta banaketan. Horretarako sarea bakarra da eta zentral handien eraikuntzan oinarritutako ekoizpen intentsiboak ez du beste aukerarik ematen.

Demokratizazioarena, kontu lingirdatsua da. Nola ulertu behar da herritarren parte-hartzea, oraindik jaio ere egin ez direnei kenduko zaizkien lurretan eta modu borti-tzean eraldatuko zaizkien parajeetan eraikitako azpi-egiturengatik, luzaroan ordaindu beharko dituzten zorrez ari garenean? Etengabe egin dela eta egiten dela esan dezake edonork, eta hala da; baina ez genuke ahaztu behar, haiek ere lurra beharko dutela bizitzeko eta gero eta gutxiago geldituko zaiela. Porlanak eta asfaltoak ez baitute jatekorik ematen.

Enpresak azaldu omen duenez, planaren hiru ardatzak dira; “energiaren sozializazioa”, “euskal industriarako zero kilometroko hornidura elektrikoa” eta “publiko-pribatuaren artean lankidetza”. Sozializatu, ingurumen kalteak egingo dira, zero kilometroko hornidura ezinezkoa da, energia mendian sortu eta hirian baliatzen bada eta publiko-pribatu lankidetza ezinbestekoa da azpiegitura publikoak (esaterako, pistak) eraiki behar direnean. Beraz, zaharrak berri!

Biologoa