2022 berezia da Kandido Saseta gudalburua eta Telesforo Monzonekiko. Lehenak duela 85 urte bizia galdu zuen Asturiasko Areces herrian. Bigarrenak, aldiz, heriotz honek sorturiko samintasuna jaso zuen Gudarien eginak olerki bildumako Sasetaren ekiñaldiak zortzikoan orain 75 urte. 2008ko apirilaren 26an, hartu zuten lurra Sasetaren gorpuzkiek Hondarribiko hilerrian. Jardunaldi osteko afarian, Antxon Zarra, gudalburuaren iloba politikoa zenak esan zuen, Sasetarengatik ez ezik, buruturiko lana Asturiasko “Pradon de los vascos” delakoan hildako gudariak aberriratzeko egin behar zela. 2013an, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hauek topatzeko saiakera egin zuten. Jardunak ez zuen emaitza baikorrik izan, baina hau ez da aitzakia jardun hau behin betiko alboratzeko. Irailak 17 eta 27rako antolaturiko ekitaldiek dioten moduan, fokua gudarien eginetan jarri behar da. Bestela jai izango dute herri honek hainbeste behar dituen egia, justizia eta erreparazioak. 

Kandido Sasetak mikelete izan nahi zuen. Ondorioz, nahitaez, jaso behar izan zuen formakuntza militar espainola. Hala ere, Xauengo gelan (Maroko), argi utzi zien bere kideei zeintzuk ziren bere printzipioak: “Emen sartzen dena, Euzkadin da. Euskalduna bazera, mintzatu euskaraz; eta abertzalea bazera deadar zazu nerekin: Gora Euzkadi askatuta!” 

Antzeko esaldia sinatu lezake Telesforo Monzonek ere. Abertzaletasuna, euskara eta askatasuna izan ziren bere printzipioetako batzuk. Lehenik EAJn, 1936ko Euzko Jaurlaritzan eta  eta urteek aurrera egin ahala, gaztedia berriaren nahi eta asmoekin bat egin ondoren herri Batasunan. Ezker abertzalearekiko konpromisoa, bere sentimendu jeltzalearekin batera, hil arte mantendu zuen.  

Jose Luis Elkoro ezagutu izana gakoa izan zen, Monzonen ametsetako bat gorpuzteko: abertzale guztien batasuna. Txiberta hautatu zen horretarako. Ez da hau edonolako gunea. 1945ean, II. Mundu Gerra betean, bertan hartu zuten atseden Gernika batalloi euskalduneko gudariek. Bertako batasuna, gainera, zabalagoa izan zen. Abertzaleez gain, sozialista eta komunistak batu ziren, Euzko Jaurlari-tza ordezkatzen zuen Kepa Ordokiren aginduetara. Helburu konplikatua izan arren, azaltzeko erreza da: euskaldun guztien batasuna, faxismoa garaitu eta Euskal Herria askatzeko. Azkenean, de Gaulle berak esan zion komandante irundarrari Frantziak ez zituela inoiz ahantziko Médoc-eko penintsula askatzeko euskaldunok egindakoak. Dakigun bezala ez zen, ordea, horrela izan. Ez ditzagun ahantzi beraz Saseta, eta beste hainbat gudarien eginak. Irailaren 17an Hondarribian eta 27an, Bergaran gogoratuko ditugu.

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan eta Olaso Dorrea Fundazioa