tzo 18 urte hil zen Imanol Lartzabal kantaria. Kasualitatea: Donostiako noizbaiteko metroaren lehen sarbidearen lanak amaiturik, Benta Berri plazan berriz ere denon gozagarri da duela ia bost urte Imanolen omenez egindako horma-irudi dotorea, Mikel Herrero artistak margotua. Hil osteko omenaldia, zorigaitzez. Kantari antiguatarra deserrian hil zen, desterruan, hainbat urtez hainbat herrikideren jazarpena eta mespretxua jasanik. Geroztik gauzak asko aldatu dira, zorionez. Garai hartan horma-irudia margotzea bera ere pentsaezina zen. Norbaiti otu izan balitzaio ere, ez zukeen gau bat iraungo bakarren batek pintura gorri-horiz lorrindu gabe. Zer diot gau bat, egun bat ere ez. Izan ere, horrelako sabotajeak lasai ederrean egin zitezkeen egun argitan, gainerako alderdien hauteskunde-kartelak itsatsi orduko erauztea bezala. Ez zitzaien iruditzen gaueko lana behar zuenik. Gune publikoak ez ziren erabat publiko. Julio Iglesias Zamoraren askapena aldarrikatzeko sortutako xingola urdina, esate baterako, espresuki debekaturik egon zen kale batean. Parte Zaharrera inguratu ere egitea, ostera, ameskeria hutsa zen hainbat herritarrentzat: Imanolentzat, Jexux Egigurenentzat... Denak herriaren etsai izaki. Ildo jakin baten jarraitzaile izatea, edo haren aurkako jarrerarik ez agertzea bederen, ezinbesteko baldintza izan da herri honetan artista askea izateko. Egiari zor, komenentziaz isiltzen dena ere ez da erabat aske, bera gatibuena agian.

Gustura jakingo nuke zer ote liokeen Imanolek asteon Arnaldo Otegik egin dituen adierazpenez. Hauxe esan du aktualitateak eta zenbait hedabidek hainbeste hauspotu duten Mugimendu Sozialistaz: “Ez dute Ezker Abertzalearekin deus ikustekorik; urteak daramatzate beraiek bezala pentsatzen ez dutenak iraintzen, mehatxatzen eta beldurrarazten; sektarioak dira eta arazo bat dute pluraltasunarekin”. Ez dakit arrazoirik duenentz, baina libertatearen eta aniztasunaren aurkako hainbat jarrera bortitz saihesteko gehiago egin ez duenak -egiten saiatu bazen, luzaroan ez zuen arrakasta handirik izan; gustatzen ez bazitzaizkion, ondo isilik egon zen-, besteri horrelakorik esaterako bost minutu igaro behar lituzke ispiluaren aurrean.