tsasontziak itsasoratzen ikusi izan ditudan bakoitzean, intxaur oskolak irudikatu izan ditut, ur gainean. Intxaur oskol ezdeus eta nanoak, itsasoaren handitasunaren baitan. Ur azala gailentzen, halere, beren txikitasunean. Eta irudi horrek, bizitzan aurrera egiteko indarra eman izan dit eta itxaropena zaintzen.

Gehientsuenok, baita bizitzeko kresalaren garratza sudur zuloetan behar dugunok ere, itsasoaren irudi oso erromantikoa dugu. Ekaitz egunetan itsasoaren haserreari lehorretik lapurtzen dizkiogun argazki zirraragarriak, mahaira lotsagabeki ekartzen ditugun itsas-jakiak (portzierto, garestiak iruditzen zaizkigunak), udako oporraldian hartzen ditugun bainu lasaigarriak, marinelen bizitzaren gaineko literatura aski ezaguna, edota olatuen joan-etorria bizitzarenarekin konparatzeko metaforaren erabilera manitua.

Itsasoak ez du legeez ez justiziaz ulertzen. Hark ez du egutegirik, ez Villa de Pitanxoko marinelen bizitzen berri. Itsasoak ez du istripuez, aseguruez edo erantzukizunari buruz eztabaidatuko. Hitzak eta arrazoiak ez baitira bere. Ezta iritziak eta beharrak ere.

Popatik sartutako olatu erauntsiak harrapatu omen du itsasontzia ustekabean. Marinelak azpiko karelean lanean, irekian. Ez dutela sufritu esan dit marinel ohi batek. Bi minutu, askoz jota, gaineratu du. Uraren erauntsiak berak hilko zituela, seguruenik, lehen kolpe sikuan. Eta ez dagoela errorerik. Ez dagoela patroiak egin zezakeenik. Ez dagoela nehor, begirik eta bururik gabeko natura bortitzari aurre egin diezaiokeenik. Ez dagoela inor, itsasoak irentsi dituen istorioei azken puntua jarriko dienik.

Umeak ginenean, baineran intxaur oskolekin jolasten genuen. Barku handiak gure irudimenean, baineraren txikian. Ez zirela hondora-tzen erakutsi ziguten gurasoek, arrazoizko azalpenik gabe geldituko ginenean, bizitzari aurre egiten jakin genezan.

Gaur egun ere, oraindik, itsasoan, intxaur oskolak irudikatzen ditut. Eta kresalaren garratzari itxaropen zantzua dariola aitor-tzen.