its zoazak egunak, Panpi, asteazken goizean hire hilberria eman zigutenetik. Hits eta huts, pertsona handiok uzten baituzue hutsunerik handiena. Etengabe ari nauk hirekin eta hiri esker bizi izandako une goxo ahantzezinak berritzen. Gure osaba Jabierri esker, umetan hasi ninduan Bergara eta Eibarko profesionalen jaialdietara joaten, eta badakik lehen aldiz ikusi hindudanetik xarmatu ninduela hire jokoak. Bahuen zerbait desberdina, besteek ez zutena: jarrerak, jokaldiak, bizitasuna, irudimena... eta, batez ere, ikasten ez den hori: magia eta karisma.

Trinketean nagusi hintzen, alde handiegiz nagusi. Ezker paretan, aldiz, hutsetik abiatu behar izan huen. Ez hekien non kokatu, jokatzeko moldeak arras bestelakoak, pilota bortitz eta astunak... Han ere gorenera heldu hintzen, ordea. Bi txapel irabazi hituen, biak Tolosarekin. Bikote izugarria zineten: hark eman eta hik bukatu. Txapelketa hartan partida denak irabazi zenituzten, tartean Retegi II-Arretxe bikote handiaren aurkako finala. Ba al dakik zer esan duen Julianek hitaz? “Panpik errailetik ateratzen ninduen”.

Halere, nik meriturik handiena ematen diodan balentria beste bat duk: ezker paretako profesionala izanik, trinketea utzia huelarik, hamasei urtez jarraian irabazi huen trinketeko txapeldunaren aurkako erronka. Horrek erakusten dik hire benetako dimentsioa, pilotaren historia luzean izan den izarrik handienetariko batena.

Hire adiskide izatea, berriz, bizitzaren oparia izan duk. Zenbat otordu, zenbat lagunarte, zenbat kantu, zenbat negar eta irri. Negarrez ari gaituk, baina irriz oroituko haugu. Irriz eta kantuz. Gu gira pilotariak, elgarren lagunak...