Zuzenean grezieratik, eta estilo aski zuzenean, Maite Lopez Las Herasen itzulpenak eroan nau poesiaren sorlekura, mitoek eta benetako munduak eta lesbianen ezpainek elkar ukitzen zuten Saphoren garaira. Poema horien aurrien gainean jarri behar izan da zementu berria, eta erdi ezabatutako freskoetan norbere pintura. Jatorrizko dialekto aeolikotik behin eta berriro ekarriak, orain Saphoren poema guztiak dira hauts apur bat, esku ahurrean kabitzen dena. Poesia fragmentatu horri interpretazioak eta bukaerak gehitu zaizkio gerogarrenean. Grezia zaharreko tenplu ugari egongo dira tenplu poetiko hau baino hobeto kontserbatuak. Bederatzi liburuetatik, oda, epitalamio, abesti, elejia eta ereserkietatik, gutxi batzuk geratu ziren zutik, asko doi-doi. Edizio honetan bildu dituzte “aurkikuntza berriak”, hots, XX. mendeak ekarri dizkigun bi poema ezezagun eta olerki hondatuak hobeto ulertzeko balio izan duten zenbait ahapaldi.

Saphok predikamentu itzela izan zuen helenismo osoan, Erroman zein Bizantzion. Atenas zaharrean errezitatu egiten ziren poemok, eta antzinako Erroman Katulo, Horazio eta Obidiok itzulpenak egin zituzten.

Errestaurazio lan guztien gainean, beraz, beste zaharberritze bat ekarri digute orain Balea Zurikoek, Migel Angel Unanua, Jon Gotzon Etxebarria edo Maider Etxaidek hanhemenka sakabanatuak utzi zizkiguten pieza solteen osagarri. Gaitzaren loreak eder baten ostean oparitu digu argitaletxe honek, bigarrenez denbora gutxian, baitezpadako liburu horietako bat.

Maite Lopez Las Herasek dio, aitzin solasean, idazlea emakumea izaki, haren poemak “emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean”, orduantxe iritsiko garela “poesiaren edertasunaz benetan gozatzera”. Olerkiak “egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea”, horixe omen da poesiaren zinezko kutsua.

Niri, ostera, garrantzitsua iruditzen zait kontrakoa, alegia, jakitea Sapho Lesbosekoa politikan sartu zela, erbestea pairatu zuela, neskentzako literatura eskola fundatu zuela, han zirriak egiten zituztela, kalumnia jasan zuela, beretzat txarra, ona zela: “Sugarrak lurraren gainetik hegan eginez/ guztia lehortzen duenean,/ txitxarrak kantu gozoa barreiatzen du hegoen azpitik”.

Sapho irakurtzea da lehen aldiz irakurtzea hainbat gauza gaurgaurkoz. Batez ere bitalismoa dario. Dena da maitasuna, bizitza, desamodioa, eta bizitza, atzera ere. Bere ezpainetan gauza bera dira eguzkiaren argia eta ilargiak itzultzen duen eguzkiaren argia: “Edo Zipre edo Pafos edo Panormos zu…”.

Gutxi iritsi zaigun arren Saphorena, eta asko zatika, eragin sakona izan du literaturan. Irakurlearen barruetan ere berdin funtzionatzen duelako izango da, agian: pausatua da, freskoa da, sinpletasunean da ederra. Milaka urte igaro dira eta oraindik iritsi gura dugu honaxe, Saphok okupatzen duen altare pagano ederrera: “.. neska-lagun samur baten bularrean lotan…”. Mitileneko Alzeok ziotson: “Sapho garbia, trentza bioletaduna, irribarre gozokoa”. Lopez Las Herasen itzulpenari esker itzuli egin da, irriñoarekin, feministen kolorearekin ileetan.