Alarma egoeraren une honetan gu guztion lehentasuna osasuna zaintzea da, gurea eta gure ondokoena, eta horretarako osasun sistema indartzea eta sendotzea izan behar dugu helburu. Hasi gara ohartzen, hala ere, osasun krisialdi honek osasun arloko ondorio zuzenez gain —itxura guztien arabera, gure artean luzaro iraungo dutenak— beste arlo batzuei ere zuzenean eragiten ari diela. Nolanahi ere, uste dut oraindik ez garela jabetu zer nolako eraldaketa dugun aurrean.

Covid19ak eragindako geldialdia gertatu baino lehen, askoren ahotan eta idazlumetan trantsizio globalaren ideia zegoen. Globalizazioaren demokratizazioaz eta jasangarritasunaz hitz egiten zen. Denok jabetzen ginen, modu batean edo bestean, generamatzan bizitza-erritmoa ez zela "normala"; gure ingurukoentzat denbora ez edukitzea ez zela zilegia; gure kontsumitzeko erak ezin zuela iraun, are gutxiago jende askok jatekorik edota lo egiteko aterperik ere ez duenean€ Azken finean, "gure" bizi-eredu kontsumistak, indibidualistak eta kutsagarriak porrot egin behar zuela, berandu baino lehen. Eta heldu da unea.

Covid-19k ondorio ekonomiko eta sozial larriak utziko dizkigu, baina ezin diegu aurre egin osasun larrialdiaren aurretik genuen mentalitate eta kultura demokratiko berarekin, bestela, putzu handiago batean sartuko gara. Geldialdiak ingurumenari on egin dio, denbora eskaini digu gauza garrantzitsuez hausnartzeko eta aukera paregabea eskaintzen digu krisialdiaren ondorio ekonomikoei, sozialei eta kultura edo hizkuntza arlokoei beste konpromiso eta ardura batekin heltzeko. Ahaldunduago eta menpekotasun gutxiagorekin atera behar dugu krisialditik. Orain arteko hamaika itxurakeriak baztertuz, aukera paregabea dugu berdintasunean, duintasunez, elkartasunez eta askatasunez bizitzeko ereduari heltzeko, eta krisiari aurre egiteko gai den herri gisa azaltzeko.

Kezka dut erronka horiei aurre egiteko dugun gaitasun demokratikoarekin, ordea. Ardura sortzen dit Espainiako Gobernu aurrerakoiak eredu zentralista eta militarista erabili izanak alarma egoera kudeatzeko. Kezka eragiten dit euskal alderdi politikoen artean lankidetza eredurik ez egoteak krisialdia eta bere ondorioak kudeatzeko. Premia ikusten dut Legebiltzarren eta Gobernuen artean elkarrizketa eraikitzaile iraunkorra egoteko. Lidergo partekatuak eta kudeaketa demokratikoak behar ditugu une honetan herri gisa sendo ateratzeko. Ez gaitu inork salbatuko, aitzitik, elkarrekin sortu behar dugu eredu berri bat. Euskal Herria irudikatzeko gai izan ziren gure aurreko belaunaldiak eta horri esker urratsak eman ditugu gaur egunera arte euskal herritar gisa. Krisitik ateratzeko ere Euskal Herria izan behar dugu buruan, eskuetan eta bihotzean, bere aniztasun eta erritmo ezberdin guztiak aintzat hartuta.

Igande honetan Aberri Eguna da. Hedoi Etxartek azaldu duenez, 1916ko Irlandako Independentziaren aldeko Paskoako asteleheneko matxinadarekin lotuta hasi ginen Euskal Herrian ospakizun hau egiten. Sarraski horren aurrean, herriek askatasuna behar dugula eta eskubideak baditugula aldarrikatzeko modua izan zen. Hainbat sentsibilitatetako herritarrak bildu izan ditu urtez urte. Nolanahi ere, XXI. mendean komunitatea hartu behar du ardatz eta gaur egun herritarrok ditugun behar eta itxaropenekin lotu behar dugu zentzua izaten jarraitzeko. Etorkizuna elkarrekin eta lankidetzan eraikitzeko herritarren aldarria behar du izan, nire ustez.

Aberri Egun bateratua egingo dugu aurten. Elkarrekin ospatuko dugu herri bat garela. Krisialdia baino lehen ezinezkoa zena, posible da gaur egun. Batzuok etxeko balkoitik topa egingo dugu; beste batzuek ospitaletik edo aterpetxeetatik. Batzuk osasuntsu, beste batzuk makalago. Batzuk lasaiago eta besteak larriago. Batzuk aurreko bizitza berreskuratzeko irrikan egongo dira, beste batzuk bizitza berria eraiki nahian. Krisialdi osteko Euskal Herrian pertsona horientzat guztientzat babes —eta segurtasun— sarea ehundu behar dugu, izan hemengo zein hango, mundu mailan harreman osasuntsuago eta orekatuago bat eraikitzeko.

Aberri Eguna elkarrekin ospatzera goaz, herri libre bateko herritar zoriontsuak izan nahi dugulako eta gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugulako. Baina, horrez gain, konpromisoa eta jarrera adierazi beharko genuke krisialditik ateratzeko, gure esku dugun boterea eta gaitasun politikoa demokratikoki eta elkarrekin erabiltzeko. Gu guztion etorkizuna dago jokoan.