Síguenos en redes sociales:

Eta urte berriari zer?

Denok izaten dugu urtea bukatzear den honetan gertakari esangura-tsuenen balorazioa egiteko beharra, eta zoritxarrez edo zorionez aurtengoak balorazioa egin aurretik azterketa sakon baten beharra du.

Hainbat izan dira azken 12 hilabete hauetan albistegietan zein prentsan argitaratu diren gertaerak:

“La Manada” auziarekiko herritarren egonezina, Quim Torraren lekuko hartzea kataluniako lehendakaritzan, Europar Batasunaren gai-tzespena Carles Puigdemonti Espainian ezarri nahi izan dioten eta nahi dioten sententziaren aurrean, Rajoy-ren aurkako mozio zentsura onar-tzeko hainbat alderdi politikoren bateragarritasuna (lehenengo aldiz aurten 40 urte bete dituen konstituzio “demokratikoan”)... eta nola ez, euskal zein espainiar herritarren ahotan bolo-bolo dabilen Vox-en “garaipena” Andaluziako azken hauteskundeetan.

Badirudi ezustean harrapatu gaituela azken honek, ezerezetik irtendako mamu ilun bat izango balitz bezala, baina azken urteetan ate joka aritu zaigula ukaezina da, eta esaera zaharrak dioen bezala odolkiak ordainetan jaso ditugu. Horrez gain, Espainian eskuindarren diskurtsoak ultraeskuinerantz nabarmen jo du, datozen hauteskundeetarako interesak direla medio eta ezkerra berriz, kontraerasoa egin nahi horretan dabil. Azken finean. ur nahasietan, arrantzaleen irabazia. Funtsean, porrota transmititu du Espainiako politikak, porrota politikoa, nor bere golkoari begira jarri eta umeek jolasean egiten duten bezala ohiu ozenena egiten duena garaile, baina kasu honetan gure bozkekin ibili dira jolasean, denbora pasan.

Datorren urteari begira jartzeak nahiz eta ikara puntua sorrarazten didan, jakin-minak gailentzen nau. Euskal herritarrok hautetsontzietara jo eta gure aburuz Euskadi gobernatzeko hobekiena den talde politikoa hautatzeko eskubidea izateaz gain, Espainian hautsak harrotzen dabilen patriotismo populistak geurean lekurik ez duela adierazteko aukera dugu.

Laburbilduz, gain gainean dugun urte berri hau mende honetako 19.na izatea espero dut, eta ez pasa den mendeko 39.na. Nik bertako herritarrengan sinesten dut, herrian sinisten dut, Euskadin sinisten dut. Beraz, gure aberriaren etorkizuna gure esku dago.