Sabino Arana Goirik Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu zuen 1895 urtean, uztailak 31n hain zuzen, orain dela 122 urte beraz. Mende eta laurdeneko bizi luze oparo eta eragingarria izan den eta den urteurrena ospatzen du beti Euskadiren alde, beti Euskadiren zerbitzu leialean. Orain dela 86 urte, 1931ean Javier Landaburu, Arabatik diputatu izan zena eta ondoren atzerriko erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakari orde izango zenak Euzkadi aldizkarian idazlan hunkigarri bat argitaratu zuen bere gaztelera boteretsuan, “Nos recondujo a nuestro hogar” izenburua zuena. Honela zioen aipaturiko artikuluak: “Y surgió un hombre ¿providencialismo, casualidad? El hecho es que surgió un hombre que sintió por primera vez problemas que sus compañeros no habían notado. Pasó aquel hombre y su obra siguió. Hoy, ese pueblo va construyéndose su vida propia y aspira a conseguirla plenamente en plazo no lejano. Lo obtendría porque tiene derecho a ella, pero también, y es lo que más importa, porque quiere tenerla y podrá sustentarla. Lo que fue deseo de un individuo, hoy es ansia de casi todos, mañana será voluntad firme de todo un pueblo”.
Karlistaden ondoren, foruen deuseztapenak etorri ziren, industrializazioak gorakada ezagutu zuen eta honekin batera beste herrialdeetako gizon eta emakume uholdeak bertaratu ziren Bizkaia aldera. Bizkaiko gizarteak aldaketa sakon eta nabariak jasaten hasi zen. Testuinguru bereizi horretan Sabino Arana Europar korronte nazionalistaz kutsaturik eta oihartzun horren magalean neurri handi batean EAJ sortu zen. Bere helburua zehatza zen: Euskadiren independentzia lortu eta zazpi herrialdez osatuko zen estatu bat sortzea, burujabetza eta Zapiak Bat eskuratzea. Euskal abertzaletasuna egoera zail batean sortu zen, aldaketa sakonak eta krisiak jotako noraezean zegoen gizarte batean hain zuzen: errejimen zaharraren amaiera, liberalismoa eta zentralismoaren loratzea, laizismoa, kazikismoa, guda karlisten amaieran eta hauen porrota militarren ondorioz euskal foruen ezabatzea, espainol nazionalismoaren krisia, Espainiaren menpe zeuden hainbat kolonietan matxinadak eta ondorengo egoera berriak, iraultza industrialaren hastapenak, immigrazio latza eta euskararen eta euskal kulturaren maldan behera guztiz etsigarri eta oso kezkagarria. Sabino Aranak egoera honen aurrean ez zuen muzinik egin, ez zuen beste aldera begiratu, aurre egin nahi izan zion aurrean ikusten zuen egoera zailari.
Konprometitu egin zen. Berritzailea izan zen eta hainbatengan sekulako kontraesanak sortu zituen. Euskaldun askoren kon-tzientzia suspertu egin zuen, euskal zena eta kontzientzia txertatu zuen familia askorengan, tentsio positiboa kokatu zuen euskaldungoan. Historiaren aurrean aldarrikatu zuen gaur arte dirauen baieztapen irmoa, berria, probokatzailea eta erabaki-tzeko orduko esparrua hankaz gora jarriaz, euskaldunon eremu berri iraultzailea: “Euskotarren aberria Euskadi da”, Eusko Abendaren ereserkia, euskaldunon himnoarekin batera ikurriña sortu zituen euskaldunon ikur eta sinbolo gisa. Baina esan beharra dago egoera zailak bizi behar izan zituela Sabino Aranak, hala, 1872an atzerrira joan behar izan zuen hiru urte luzez bere aitak azken karlistadaren prestakuntzan izan zituen ardurengatik. 1894ean lehen Euskaldun Batzokija ireki zuen eta ikurriña jaso eta altxatu egin zuen airetara lehen aldiz Euskadin, historian eta milaka eta milaka bihotzetan.
Hurrengo urtean Bizkai Buru Batzarra lehena osatu bezain laster Bizkaiko Gobernu zibilak salatu zuena hain zuzen. Sabino Arana zortzi aldiz salatua izan zen eta sei prozesatua Bizkaitarra aldizkarian bere iritzi eta artikuluengatik, “iraultza eta matxinada sustatzailetzat” jo zuten eta espetxean sartu ere 11 hilabetetarako sententzia bete-tzeko. Urte horretan bertan bere egunkaria eta Euskaldun Batzokia itxi zituzten. Gazte hil zen, 38 urterekin, gazte eta gaixorik. Sabinok mende berriari aurre egiteko euskaldunek zituzten erronka berriei aurre egiten saiatu zen, historiaren aurrean bere helburua politikoa aldarrikatu zuen, Euskadi hain zuzen, eta demokratikoki eta era baketsuan proposatu zuen helburu hori erdiestea, euskaldunon eskubidea, bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena hain zuzen. Sabino Aranak XIX mendeko amaierako abertzale eta nazionalisten berri izan zuen eta Euskadiri ezarri nahi izan zizkion loratzen hasiak ziren aipaturiko korronteak. Garai garaiko status politikoari aurre egin zion, euskal gizartearen eremu oso zabal baten buruhauste eta beharrekin bat egin zuen lotura estua ehunduz. Partaidetza politikoari kutsu berri bat ematen saiatu zen zentralismoa saihesten eta ekiditen. Bere indar guztiak metatu zituen norabide horretan.
Gaur bizi izan balitz bere buruari galdetu lioke zeintzuk ziren gaur eguneko euskaldunen behar eta desira berriak, eta ahalegin horretan mundu berri honetako ezaugarriekin uztartuko zituen. Estatu, nazio, soberania, independentzia eta burujabetza kontzeptuen inguruan hausnarketari ekingo zion. Euskaldunon autogobernua, Euskadiren burujabetasuna, Zazpiak Baten etorkizuna mugaz gaindi osatzen ari diren erregioetan nola txertatu, estatu, nazio eta herriz osatutako Europa anitz batean nola jokatu izango ziren ziurrenez bere gogoeta gaiak. Pozik ikusiko zuen berak sortutako Alderdia euskal gizartearen bizkar hezurra eta ardatza bilakatu dela. Irribarretsu ikusiko zuen zazpi lurraldeetako bilakaera, bai EAEn, bai Nafarroan eta baita ere Iparraldean. Harro ikusiko zuen Euskadi gorpuzten ari dela, ikurrinak batzen gaituela, Eusko Jaurlari-tza eta Eusko Legebiltzarra, EITB, Hezkuntza, Osasuna, Ertzaintza, Ikerkun-tza, EHU ea. Ametsak egi bihurtu daitezkeela pentsatuko zuen. Euskal gizarte justu eta berritzaile baten aldeko ekinari jarraituko zion gihartsu.
Identitateak landuko zituen, hots, identitate ireki eta abegikorra kanpotik datozenen-tzat, identitate sustatzailea, erronka ekonomiko, sozial, berrikuntza eta jakitateari bultzada emateko eta identitate solidarioa, bizitzak zigortu dituenarekiko, oportunitate eta aukera berriak eskainiz. Garbi izango zuen, beti lez, nazioa eraiki-tzeko orduan pertsonak direla helburu. Euskal gizarte, anitz eta kohesionatuaren alde egingo zuen. Ondo egindako lanean jarraituko zuen sinesten, demokrazian, giza eskubideetan eta askatasunean.
Eskerrik beroenak emango zizkien lehen lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirreri eta berekin osatu zen belaunaldi paregabe hari, eta ondorengo lehendakari guztiei, Leizaola, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkulluri. Harro egongo zen eta EAJko EBBko presidente guztiak gogoan izango zituen lehenagotik hasi eta gaurkoa den Andoni Ortuzarrenganaino iritsi arte. Harro egongo zen baita ere gutaz, EAJ osatzen dugun gu geu guztiotaz. Malkotan begiratuko zituen, bai malkotan, demokraziaren eta askatasunaren alde eta Lauaxetaren agindu pean Eusko Gudarostea osatuz bizia eman zuten gudari guztiak, maite den askatasunari dena eman ziotenak.
Gu geu katebegiak gara, historia luze baten katebegiak, 122 urte dituen kate baten katebegiak. Sabino Aranak Euskadiren zerbi-tzutan sortu zuen EAJk 122 urte luze dihardu lanean. Badugu gaur ere zereginik eskuartean. Etorkizunari aurre ekingo diogu. Beti aurrera egingo dugu. Asko zor diogu bai Sabino Aranari, asko zor dio Euskadik EAJri. Katea ez da eten.