Síguenos en redes sociales:

Desira txiroak?

Gaur da urteko lehen egun arrunta. Atzokoa, igandez egokitu zen eta festa ondorena izaki, gehienok ere logale harrapatu gintuen, urte berriari ezer eskatzeko baino despistatuago. Gaur, ostera, lan eguna da askorentzat eta, lanean ez dihardutenentzat, datorkigun urteari ume jaio berriari bezala begiratzeko unea. Zer eskatu? Zer desiratu? Ze promes egin? Ze konpromiso hartu?

Urteroko itaunak dira hauek baina urteak pasatu ahala, lehenbiziko bietatik hurrengo bietara pasatzen harrapatzen gaitu gogoak (edo kon-tzientziak?). Ostiralean, lagun arteko afaria izan genuen ordu txikiak arte eta larunbatean, inguruko gaixoak bisitatzera joan ginen. Afarian, lagunek, amets andana bat mahairatu zuten, batez ere, lagun artean burutu nahikoak (bidaiak, asteburuetako ihesaldiak, zahartzen dihoazkigun aurpegiak gaztetzeko programa sofistikatuak ) eta larunbatean, gaixoen bisitan, denek osasuna eskatzen zutela konturatu ginen: osasuna eurentzat. Elkarrekin beste gaixo batzuk bisitatu genitzakeela edo behar dutenei laguntza eskain geniezaiekeela aipatu genuenean, "geurearekin nahikoa dugu" izan zen jaso genuen erantzuna. Geurearekin nahikoa. "Geure" hori mugitu ezin den harri tzarren bat balitz lez.

Bizkorregi bizi gara eta geure buruaren txirrinari begira baino ez. Urteetara konturatzeko, benetan poza ematen duena besteen irribarrea ikustea eta konpartitzea dela. Horixe baino ez. Horretarako, ordea, besteengan pentsatu eta lan pixka bat egin behar da: bisita bat, oparitxo bat, gutun bat, dei bat, gonbita bat akordua baino ez.

Nik, aurten batez ere, benetako pertsonez inguratuta egotea eskatu dut. Gauzak bihotzez egiten dituztenez, eskerrak ematen dakitenez, promes egindakoa betetzen dutenez eta irribarrea eskaintzen dizutenean merezi duzula sentiarazten dizutenez.

Zeren eta horrela baita bakarrik bizitza ederra eta urteko egun guztiak janzten diren zentzuz.