Hizketan zalantzatan izaten naizenean, nire mintzalagunak beti esaten dit: “Zu lasai, jendearekin mintzatzean, esan euskaldun berria zarela; horrela, pazientzia gehiago edukiko dute zurekin”. Nahiz eta estrategia ona izan, bere hitzek ez naute konbentzitu. Bai, euskaldun berria naiz (eta harro nago) baina egia esan, ez dut euskaldun berria izan nahi, euskalduna baizik. Urte honetan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu asmoz, Eusko Jaurlaritzak, hizkuntza ikasi dutenei eskerrak emateko, egitasmo bat bultzatu du: euskaldun berria kalea. Ekimen hunkigarria iruditzen zait eta bihotzez eskertzen dut, baina aipatu dudanez, etiketa hori ez dut nahi. Euskara edo beste hizkuntza bat ikastean, maila altua lortzen denean, aurrera jarraitzeko motibazioa aurkitzea zaila da. Aurrerapen txikiak ematen dira eta betiko oztopoak azaltzen dira. Gainera, Donostian zoritxarrez, Euskal Herriko hiriburuetako euskara hiztun-kopuru altuena badago ere, gaztelaniaz bizi daiteke arazorik gabe. Eta horrek ez du batere laguntzen. Une horietan, jarraitzeko indarra ematen didate Amets Arzallusen hitzek: “Ama hizkuntza ez da lehenik ikasten den hura, pentsamendua sortzen duen bakoitzaren hizkuntza baizik”. Horregatik, euskaraz pentsamendua sortzen ikasi nahi dut, euskaldunen moduan.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
