iaz, topaketa batean, neska batek Tuterako institutu publikoan euskara ikasi (ez euskaraz ikasi) zuela esan zidan. Nire ikasle garaian -ni ere tuterarra bainaiz- ez zegoenez horrelako aukerarik, gaur egun gauza bera gertatzen delako susmoa neukan, baina zorionez oker nenbilen. Zerbait aurreratu dugu behintzat, urrats txiki bat izan arren. Tuterako lehenengo Nafarroa Oinez izan eta gero, 1995ean, kuriositate pixka bat sortu eta, euskara ere nire hezkuntza zela uste nuenez, ikasten hasi nintzen herriko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Askotan nire lagunek galdetzen zidaten ea zergatik aukeratu nuen itxuraz ezertarako balio ez zuen hizkuntza bat: Tuteran ez zegoen mintza-tzeko aukerarik eta garrantzitsuena, ez zen ofiziala. Eta, zalantzak izan arren, zerbaitek esaten zidan bide egokia hautatu nuela. Urte eta erdi iraun zuen abenturak. Orain dela urte batzuk arte ez nintzen berriro ikasten hasi. Bitartean, zenbait Erriberako gaztek euskara ikasi dute Argia ikastolan, Nafarroako hizkuntza apurka kalera eramanez. Jadanik inork ez dit galdetzen zergatik ari naizen euskara ikasten. Erriberan kultura euskalduna bizitzeko asko falta zaigu; inoiz ez da izango gehienen iritzia. Baina gure ahotsa, Argia ikastolaren lanari esker, orain entzuten da. Guretzako keinu bakarra da urtean, beraientzat urteko lan guztia. Horregatik joango naiz Tuterara igande honetan. Taupada bat gehiago izatera.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
