Fabián Laespada

Gesto por la Paz

Aurreko larunbatean, emakumezkoen euskal selekzioaren partidan izan ginen semetako bat eta biok Donostiako Anoetan. Partida polita jokatu zuten bi taldeek baina euskaldunona bikaina izan zen. Ni harriturik utzi ninduten. Hori da hori futbolerako sena dutena: baloairekin trebezia aparta, espazioan kokatzeko inteligentzia, eta gainetik borrokarako grina.

Badira urte batzuek Frantziako Alpeetako Albertvillen neguko joko olinpikoak jokatu zirela. Bertan, hasierako ekitaldian, Frantziako ereserkia kantatzen haur gazte bat ipini zuten. Imagina ezazue ahots zerutiar batez haur bat Marsellesa odolzalea kantatzen- Allons enfants de la patrie le jour de gloire est arrivé... Ils viennent jusque dans vos bras, égorger vos fils, vos compagnes. Sekulako polemika ekarri zuen. Baten batzuek ereserkia aldatu behar zela esatera ausartu ere egin ziren. Ezin zela haur bat horrelako basakeria kantatzera jarri. Alferrik, Frantzia hiperabertzaleak berehala estali zuen polemika eta ez zen gehiago hitzegin gaiaz.

Larunbatean ere, partidaren aurretik, ereserkien unea heldu zen eta antolatzaileei zer bururatuko eta Toribio Alzaga autorearen Txanton Piperri operako azken himnoa jo eta kantatzea. Eta nire galdera, herri honetan burutik sano dagoen nor jartzen da zutik bere semearen aurrean estadioan hau kantatzera?: ...Beraren alde emango degu zainetako odol guztia, ...hil arte oihu egingo degu bizi bedi Euskal Herria. Ba begira. Sorpresa! Uste baino jende gehiago dago ganbara orekatua duena, oso gutxi zutikatu baitziren halako basakeria kantatzera.

Eta orain nire probokazioa eta proposamena. Herri honetan inoiz ez garenez bat etorriko kantatu behar den ereserkiaz, zergatik ez dugu minutuko isilunea egiten? Bertan, nork bere baitan, nahi duen ereserkia kantatu eta hori bai, amaieran hileta batean ez gaudela adierazteko, txalo zaparrada haundia joko genuke guztiok batera.

Jon Ubillos