2008an Gipuzkoako zabortegiak gainezka egitera zihoazela eta, Azpeitiar, Beasaindar eta Zarauztarrei elkartasun keinu bat eskatu zitzaien. Heuren herrietan dauden zabortegiak handitzea erabaki zen. Sakrifizio hori, ez zen eskatzen arazoa konpondu bitarteko neurri gisa, ez. Zaborra, zabor toxiko bihurtuko duen errauste planta eraiki bitarteko neurri gisa baizik. Zabortegia auzoko desatsegina izatea eragiten duen arrazoi nagusiena, haietan usteltzen egoten diren milaka tona hondakin organikoak dira. Hondakin organikoa kalitatezko konposta egiteko primerako lehengaia da. Sortzen dugun hondakin organiko guztia biltzeko eta konpostatzeko sistemak ezagunak dira. Beraz, ez dago herri hauetako bizilagunek jasaten dituzten kirats eta kutsadura jasan behar izateko inolako arrazoi teknikorik.

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Orokorrak (2002-2016) eta honen berrikuspenak (2009-2016) 2009 urterako hilean 2161 tona organiko tratatu beharko zirela aurrikusten zuten. Horretarako, Lapatxen dagoen konpostatze plantaz gain, 2009 urterako beste bi konposatze planta egitea zen agiri ofizialetan agertzen den asmoa. Asmoa esan behar, ez baita gauzatzeko borondaterik egon. Usurbilgo udala, 2009an Atez Ateko bilketa egiten hasi zenean, Usurbilen bertan beste konpostatze planta bat egiten saiatu zen. Alferrik ordea. Orduko GHKko arduradunek epaitegietara jo zuten asmo horren aurka, eta EAEko Auzitegi Nagusiak proiektua gerarazi zuen konpostatzeko eskumena Partzuergoarena dela esanez.

Kudeaketa eta erabaki tamalgarri hauen ondorioz, 2011garren urtera honela iritsi gara. Hilean 500 tona hondakin organiko biltzen ditugu gaika, baina soilik 208 tona konpostatzeko ahalmena daukaten azpiegiturak dauzkagu. Badirudi, Gipuzkoak behar dituen konpostatze plantak eraiki bitartean, bertan konpostatu ezin den hondakin organikoa Itxasura eramateko izapideak egiten ari direla arduradun berriak. Horren aurka, errausketaren defendatzaileek, eta bereiziki Gipuzkoako PSEren ingurumen arduradun Denis Itxasok, kanpaina gogorrari ekin diote, hondakin hoiek Lapurdira konpostatzera eramatea eragotzi nahian.

Zer da PSEren ustez gaika bildutako hondakin organikoarekin egin beharko litzatekeena? Azpeitia, Beasain eta Zarautzeko zabortegietara bota bertan ustel dadin? Agian haientzat, arazoa gaika hondakin organiko "gehiegi" biltzea da? Horregatik jarri zuen Denis Itxasok, Donostiako hondakinen gaia zeraman zinegotzia zenean, Hernaniko Atez ateko bilketaren aurkako salaketa epaitegian?

Bada garaia hondakinen gaiarekin arduraz jokatzeko. Injustizia onartezina da zabortegiak eduki-tzera behartu ditugun herri hauetako biztanleei egunero ehunka tona hondakin organiko usteltzera bidaltzen segitzea. Beharrezkoa da lehenbailehen kirtenkeri bidegabe honekin bukatzea. Hondakin organiko guztia gaika biltzea posible da bilketa sistema egokiak jar-tzen badira. Konpostatze planta berriak behar ditu Gipuzkoak lehenbailehen. Erabakia atzera-tzen den egun bakoitza, injustizia bat da zabortegien kutsadura pairatzen ari diren herritar hauekiko. Gipuzkoa Zero Zaborretik gure elkartasuna adierazi nahi diegu, arduragabekeri honekin lehenbailehen bukatzeko ahaleginean segi-tzeko konpromisoarekin batera.