Cartas a la Dirección

GAUR goizean notizia zoragarri bat ibili da bolo-bolo, ahoz aho, Mutrikuko Kiputz IX amildegian aurkitutako estepako bisontearen buruhezurra dela eta. Bizitza honetan jende izugarria ezagutzeko aukera benetan eskergarria bilakatzen da. Pertsona izugarri horiek gainera bere ilusioa, lanerako grina eta bizi poza kontagia-tzeko ahalmena eta trebetasuna badaukate, zer esanik ez. Horrelakoak dira Munibe arkeologia taldekoak, betidanik.

Gogoratzen dut Astigarribiako bailara zapuztuko duen Mutriku-Sasiola errepidea atzera botatzeko lanean ari ginela beraiekin topo egin genuela Kiputz IX sima parean, egun hartan elur-orein hezur handi bat atera berri zuten bertatik, premiazko indusketa egiten zebiltzan proiektatutako errepide horrek izugarrizko altxorrak betiko suntsitu ez zezan. Zoritxarrez sarri gertatzen dira horrelakoak, gutxienez gure inguruan.

Bost urte pasa dira hala edo nola, Kiputz IXk oraindik tente dihardu, baita Astigarrabixa bailarako paraje zoragarriak, nekazal lur aberatsak eta, Arno eta Izarraitz batzen duen natur korredorea ere. Errepide hori ez da oraindik paperetik ekintzetara pasatu. Krisiagatik dela esan omen dute. Dena dela, zorionezko egun hartan, mutur aurrean, ibaiaren beste aldean geratzen den Praileaitzeko kobako Txamanari gure bihotz barne-barnetik laguntza eskatu genuenoi, beste susmo batek zeharkatzen digu garuna.

Munibe talde osoari mila esker guztiagatik. Mikeli bereziki: sasi eta laino guztien gainetik aurrera ekin. Ziur gaude askok espero dugun margoz betetako kobazulo hori laister aurkituko duzuela eta... Nonbaiten ager-tzekotan hementxe izan behar du! Gure agintari berrioi eskakizun bat, haize berriak agertu diren momentu honetan kontuan eduki Aranzaditik proposatu zen Parke Paleolitikoaren proposamena. Bailarako aberastasun guztiak bildu ditzake: Praileaitz, Kiputz eta abar luze bat. Ingurumenarekin bat datozen proiektuak bultzatzeko momentua ailegatu da, gainera horiek dira diru gutxien behar dutenak. Zorionez alternatibak eta ideiak barra-barra daude. Guk beti ere laguntzeko prest.

Zorionak Munibe, Aranzadi, EHU eta lagundu duten instituzioei. Gaur behintzat Mutriku Natur Taldea olatu pitzetan dago.

Rafa Perez Beristain

Mutriku Natur Taldearen izenean