Síguenos en redes sociales:

Sanjoanak Tolosan

Cartas a la Dirección

badatoz sanjoanak, gure herriaren sustraietan sakon errotzen diren jaiak. Aspalditik izaera erlijioso nabarmena duten arren, jatorri paganoa duten jaiak dira oinarri oinarrian, udako solstizioaren etorrera ospatzeko jaiak, jatorri horren aztarna ugari indartsu mantendu dituzten jaiak. Sua, eguzkia, ur berria...

BILDUren hautetsiok, Tolosako Udal Batzarkide aukeratu berriok, jaietako ekitaldi zibil eta erlijioso guztietan parte hartuko dugu, gure herriaren usadio eta kulturaren errespetuz. Hala ere, ezin aipatu gabe utzi gure artean dauden sentimendu eta sineskera ezberdinak, pertsonalak eta errespetagarriak guztiak, egungo jendarte anitzaren adierazle.

Horregatik, beharrezko ikusten dugu, gure herriko eragile guztien artean, erakunde publikoen laikotasunaren eta botere zibil eta erlijiosoaren arteko bereizketaren inguruko hausnarketa eta eztabaida lasaia abian jartzea, aurten, denbora arazoak tarteko, ezinezko izango dena. Horixe da datozen urtetarako gure konpromisoa: festaren izaera bera XXI. mendeko ikuspegiarekin berrinterpretatzea.

Gure asmoa San Joan jaiak sustatzea eta indartzea da, egungo gizartearen aniztasunaren adierazle bilakatzea, zenbait adierazpen erlijiosotatik urrun sentitzen diren herritarrak ere jaierako berreskuratzea. Guztiekiko errespetuz, sentimendu eta identitate pertsonal guztiak babestu asmoz, datozen urteetan egitarau zibila eta erlijiosoaren arteko harremanak berraztertzea proposatu nahi dugu. Eta herriak erabaki dezan bideak jarriko ditugu.

Gure aldetik, festaz gozatzera gonbidatu nahi ditugu tolosar guztiak, nor bere erara, besteekiko begirunez, eta gure herritik urrun daudenak zein dauzkatenak gogoan, luze gabe gure artean izango ditugulakoan.

Tolosako Bilduren hautetsiak