Cartas a la Dirección
"ai ene, amak euria eta baso ilunak seinalatzen zizkidanez, ez, ez dira etorriko inoiz, etzazu holako ametsik egin ez?. baina egun batin esnatzerakuan, txantxangorriz bete zan Euskal Herria, inguratua nengoen?" Errealitate bihurtu den amets hau nola probestu da orain ardura. Pentsatzen ari dira gure hegoaldeko bizi-kideak nola irentsi txantxangorria. Ezingo diegu aiko-mako edo aitzakirik eman gure txori-saldo mardul hau ahultzeko saiakeran. Bagenuen bai hazi izen eder bat, baina ez ziguten airatzen utzi. Injustizia hau ikustean, gure amets berdina zuten anai-arrebek beste izen gozo bat ziguten eskaini, eta batasun izen berri honekin lortu genuen airatzea, eta zer nolatan airatu. Ondorioz, laster bueltatuko digute ukatutako izena, gure saldo oparoa banatzeko asmotan. Baina nolatan onartu, anai-arreba berriekin esker txarreko izan gabe. Lasai maite, batera lortu dugu hegaldatzea, zurekin jarraitu nahi dut, eta ez diot orain gure fruituari izenik, ez izakerarik aldatuko. Badira bai, amets berdina zuten beste anaia zaharrak ere, baina botereak lurrundu zien hegan egiteko itxaropena. Esaten digute nola nahi dugun hegan egin, ez omen gara gauza gure kabia eraikitzeko, ez omen dugu nahi ez bide, ez portu, ez trenbiderik, ez gure herriaren garapenik. Nolatan ez dut nahi izango ene etxearen onurarik, inork ez du behelaino artean bizi nahi. Diñodan bakarra da ez omen dagoen modu leunagorik, gozoagorik, aurrerapausoak emateko. Baina ez nuke nahi horren aitzakiaz hegan egiteari utzi, nire ukazioak ez bailuke geratuko ene senideen asmo eta proiekturik. Saiatuko naiz eskua luzatzen. Agian, ene alboan hegan eginez konturatuko zara bazterrak txukundu daitezkeela eta aldi berean besarka genitzakela itsaso, mendi eta zeruak. Prest nago garapen eta onurak zure gain har ditzazun. Zuk berriz, entzun, otoi, eta lagun nazazu gure seme-alaben hizkuntza sendotzen, gure herria mundura zabaltzen, bakoitzak bere kabiaren eskubidea izaten, emakumea gizonaren parean aitzinatzen, telebista aberasgarri bat dastatzen, umeen hezkuntza sendotzen eta etekinak denon artean banatzen. Istilurik ez, ez gatazkarik, ez gorrotorik, eman eskua eta erakutsiko dizut hegan egiten, zuk berriz, erakutsidazu dantzatzen? Esnatu seme! Zer txantxangorri eta zer hegan egin! Amets bat besterik ez da izan. Ez al zara gogoratzen anaien artean ez zutela akordiorik lortu? Gure hirian betikoak jarraitzen du, betikoek erabakitzen dute gure garapenak zer bazter txikitu behar dituen, zure aita gorrotoan bizi da eta zure arrebak higuina dio euskarari. Banoa Telecinco ikustera eta ez ahaztu DV, Marca eta Cuore ekartzea. Bai, ama. Horren gertu izan genuen!
Joseba Moiua