Espainiarrek Espainia, eta guk, zergatik ez geurea?
LARUNBATEAN , abuztuak 7, Gasteizen, "inposaketaren aurrean, guk geurea, Euskal Herria, nazio bat, selekzioa bat" leloarekin antolatutako manifestazioaren bukaeran esan genuen bezala, euskal herritarrok bizi dugun egoera ez da eskuak gurutzatuta gelditzeko modukoa, Euskadiko Alderdi Sozialistak, Alderi Popularraren laguntzarekin herri hau espainoltzeko determinazioa hartu eta dagoeneko, lehen urratsak ematen hasia delako. Eta hori arrazoitzeko, besteak beste, Espainiako Errege eta Erreginaren finalak Euskal Herrira urtetik urtera gehiago ekartzea, Espainiako kirol selekzio ezberdinak sustatzea eta saski baloi selekzioa Gasteizera ekartzea, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeari kotxe eta autobusetan Espagne-Spain jartzea edota, Espainiako txirrindularitza itzulia datorren urtean Euskal Herrian sartzea aipatzen genituen, gure ustetan, ekimen hauek estrategia politiko horren adibide garbiak besterik ez direlako.
Beraz, bistan da, estrategia hori azken muturreraino eramateko, kirola bide lagun hartu dutela, jakindun baitira, kirola ikur modura erabiliaz eta espainiarren azken garaipena aprobetxatuz, herri hau espainoltzeko bidea, erraztea lortzen dutela. Argi dute, lortu nahi dutena oso garrantzitsua dela eta horretarako, denok batera aritu behar dutela. Eta ez dago zalantzarik, denok, "Creo en España, !Somos España!" pentsamoldearekin bat eginda ari direla.
Eta espainiarrak horretan diharduten bitartean, gu, soilik euskal herritar sentitzen garenok, zertan ari gara edo zertan aritzeko gaude prest? Hori da nire ustetan bakoi-tzak gure buruari egin behar diogun galdera.
Bidea ibiliaz egiten dela dio abesti batek eta nik esango nuke, kasu honetan ere, euskaldunoi, bidea ibiliaz egitea baino beste aukerarik ez zaigula gelditzen baldin eta, herri honen nortasun propioa mantendu nahi badugu behintzat. Eta badakigu ez dela ibilbide erraza izango, arantzaz jositakoa izateaz gain, inklinazio handiko aldapak ere aurkituko ditugulako. Baina uste dut, lehentasuna, gure indarrak, gure ideiak, bidea asmatu eta ibilbide hori amai-tzera bideratu behar ditugula, bestela, gure etsaiek, herri hau espainoltzeko martxan jarritako estrategiak utzi ditzakeen identitate kalte ondorioak etorkizunean ezabatu ezinak izango direlako eta gure hurrengoak zama horrekin bizi behar izango dutelako.
Beraz, asko daukagu jokoan eta horregatik elkartu egin behar gara. Euskal herritar garen heinean, guk ere, Euskal Herrian sinetsi behar dugu, Euskal Herria garelako. Eta ez dugu hori aitortzeko lotsarik izan behar. Hori bai, zintzoak izan behar dugu, ez dugu tranparik egin behar, aitzakiak alde batera utzi behar dira, afera honetan, alderdi, sindikatu, eragile edo norberaren interesen gainetik, gure nazio nortasunaren biziraupena dagoelako jokoan.
Eta txingurri lan horretan ari da ESAIT azken hamabost urte hauetan ekimen ezberdinak antolatzen. Azkenekoa, aste buruan Gasteizen antolatutako manifestazio arrakastatsua izan da, bertan, eragile politiko, sindikal eta kirol zale talde batzuen babesarekin, milaka pertsonak parte hartu zutelarik. Baina ez da aurten, euskal herriko selekzioaren alde antolatzen dugun azkenekoa izango, ate joka badator irailean Iparraldean Munduko pilota txapelketan egingo duguna ere, hor ere tamalez, ez delako herri hau ordezkatuta egongo. Eta zeinek daki, urtea bukatu aurretik, besteren bat antolatu beharrean aurkitzea ere. Batzuen jarduera ikusita, aurrera egitea besterik ez zaigulako gelditzen. Beraz, adi egon.
Oharra. Bistan da, artikulua hau, kirol arloa ardatz hartuta egina dagoela baina tamalez, beste hainbat arloekin ere lotura izan dezakeela. Etsaiek, Euskal Herriaren aurka diseinatutako estrategia politiko batetaz ari naizelako.