Iraultza sexuala 60ko hamarkadaren bueltan hasi zen, baina 70ko eta 80ko hamarkaden artean bere garapen handiena bizi izan zuen. Iraultza deituriko momentu horren eragina gaur egun oraindik nabarmena ikusten da gure gizartean, eta azken urtetan nagusitu dira hainbat termino harremanak definitzeko: poligamia, polimaitasuna, harreman irekiak, itxiak…

Terminologikoki, 1990. urtean Zell-Ravenheart autoreak erabili zuen lehen aldiz polimaitasunaren terminoa. Silvia Irigoien psikologoak dioen bezala: “Polimaitasuna pertsona batekin baino gehiagorekin aldi berean maitasunez erlazionatzeko joera da”. Noski, Irigoienek zehaztuen duen bezala, “tartean dauden pertsona guztiak egoera horretaz jakitun dira eta jabetzen dira”. Irigoienek Deustuko unibertsitatean psikologia ikasi ondoren, harreman sexu-afektiboetan espezializatu zen.

Polimaitasunean sakontzen

Polimaitasuna hitza zatitzen badugu, poli hitz grekoa aurkituko dugu, asko esanahia duena. Elkartzen badugu maitasuna hitzarekin, erraza da esanahia aurkitzea. Hala ere, hainbeste termino nagusitu direnez, erraza da ere polimaitasuna eta poligamia nahastea.

Ezberdintasuna aurkitzeko, kontuan izan behar dugu poligamiak ezkontzetan duela oinarri, eta normalean, erreferentzia egiten diola harreman mota zehatz bati: gizon batek hainbat emazte dituenean. “Ez ditugu termino horiek nahastu behar, egia esanda, polimaitasunak sexu-askapenarekin harremana duelako, eta poligamiak, ordea, modu tradizionalean ematen denean, ez du askatasun hitzarekin erlaziorik”. 

Irigoienek uste du garrantzitsua dela ezberdintzea: “Poligamia hainbat tradizioetan ohikoa da, baina horrelako harremanetan, gizon batek eskubidea dauka hainbat emazte izateko, eta emazte bakoitzari ezaugarri bat ematen dio bere beharrak asetzeko”. Polimaitasunean, berriz, harremaneko kide guztiek eskubide berdinak dituzte, edo gutxienez, bien arteko akordio batera mugatzen da harremana, baina erabakia bien artekoa da, generoa edozein dela.

Polimaitasunaren esperientzia

Nahia eta Jokin bikote dira duela 4 urte, baina harremanean zehar harremantzako modua aldatzen joan da. Euren arteko erlazioa, euren hitzetan, “harreman itxia” bezala hasi zen. Termino horrekin harreman tradizionalari egiten diote erreferentzia, leialtasun mugekin eta eurek definitzen duten bezala, “zure bikotekideak zure baino ez dela” kontuan hartuta.

Harremanak aurrera egin ahala, halako harremana ez zela bientzat egokia ikusi zuten. Nahiak dioenez, nahiz eta maite ziren, sentsazio berriak bizitzeko beharra zeukaten: “Izan ere, uste dut iritsi zela momentu bat non hainbeste maite ginen, ez genuela ezer esklusiborik sortu nahi. Argi dugu gure gune segurua gure harremana dela, baina ez genuen pertsona berriak ezagutzeko aukera mugatu nahi, esperientzia berriak bizitzeko aukera izan nahi genuen”.

Nahiak eta Jokinek ez dute ulertzen euren arteko harremana iraultza bat bezala. Jokinek zehazten duen bezala, harremanaren gakoa puntu komun batera iristea da: “Zure bikotea ulertu behar duzu, eta puntu berean egon behar duzue. Polimaitasuna ezin da ulertu funtzionatzen ez duen harreman bat salbatzeko modu gisa, behar jakin bat duen harreman bat garatzeko modu gisa baizik”.

Polimaitasunean, ere anitz

Nahia eta Jokinen arteko harremana adibidez bat da askoren artean. Haien harremanean, haiek definitzen duten bezala, “babeslekua” harremana bera da, baina beste batzuk garatu dituzte. “Nik badakit nondik jaiotzen den nire polimaitasuna, beraz, Jokinekin daukadan harremana beti izango da nire abiapuntua”, dio Nahiak. Beste harremanak dituztela diote biek, bai emozionalak, baita sexualak ere.

“Hau ez dugu ezerezetik sortzen. Erabakitzeko askatasuna izan zen gure oinarrizko printzipioa, baina mugak ere jarri genituen”, dio Jokinek. Adibidez, haien harremanetik kanpo ematen diren beste erlazioei buruzko komunikazio jorratzen dute bien artean, eta horri buruz hitz egitea eta zerbait ondo ez badoa bion artean konpontzea bilatzen dute.

Baina haien eredua ez da bakarra. Polimaitasunaren barruan, beste pertsonekin sexu-harremanak izateko askatasuna dute kideek, baina ez harreman afektiboak sortzeko. Harreman horren adibide dira Mikel eta Josune, non haien arteko harremana ardatz izanda, bakoitzak askatasuna eman dio besteari harreman sexualak beste pertsona batzuekin izateko.

Kasu horretan ere, arauak daude: “Ardatza askatasuna da, zure bikotea ez mugatzea, segurtasun faltagatik harremana kondizionatu behar ez izatea, baina noski, gure mugak ditugu”. Mugen artean, beste pertsonekin sexu-harreman seguruak daude, adibidez, edota bestearen inguru hurbilarekin sexu-harremanak ez izatea.

Estereotipoen kontra

Bi harreman hauetako 4 kideentzat, zailena estereotipoen kontra egunero borrokatu behar izatea da: “Arazo handiena zure familiari horrelako harreman bat daukazula azaltzea da, askotan ez dutelako ulertzen”. Haientzat, ez ulertzea ez da arazoa, beti ere haiengana errespetuz jokatzen badute.