Lehen Mailako Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan denborarik onena lortu eta astebetera, Iker Vicente izan zen berriz ere aizkolaririk azkarrena Lekunberrin jokatu zen Nafarroako Txapelketako sailkapen proban.

Otsagabiako txapeldunak bi kanaerdiko, 60 hazbeteko bi enbor eta oinbiko bat ebaki zituen 15 minutu, 53 segundo eta 48 ehunenetan. Vicenterekin batera, Ibai Soroa (16:33.20), Oier Kañamares (17:42.06), Txomin Amundarain (18:30.91) eta Julen Kañamares (19:25.03) ere sartu ziren finalean.

Jon Rekondo (19:37.31), Xuban Kañamares (20:04.51), Eneko Saralegi (21:07.39) eta Jon Erdozia (22:28.23), aldiz, ez dira sailkatu.

Euskal Herriko finala azaroaren 2an jokatuko da Azkoitian, eta Nafarroako txapelketa datorren hilaren 14an erabakiko da Donezteben.

Harrijasotzea: Telleria eta Ostolaza nagusitu dira Txintxarri Sarian

Beñat Telleria eta Xabat Olaizola harri-jasotzaileek irabazi zuten larunbatean Alegiako Txintxarri Saria. Hiru pareajek 125 altxaldi egin behar izan zituzten 125 kiloko lau harrirekin: 25 jasoaldi zilindro batean, 30 jasoaldi angeluzuzen batean, 35 jasoaldi kubiko batean eta 35 jasoaldi esfera batean.

Urnietarrak eta zarauztarrak hamabi minutu eta 55 segundoan osatu zuten lana, Mikel Lopetegi eta Aimar Galarragaren (14:30) eta Beñat Eizmendi eta Gari Garmendiaren (16:53) aurretik. Eizmendik Paulo Azpiazu ordezkatu zuen.