Bederatzi harri-jasotzaile lehiatuko dira igande honetan emakumeen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan, Aiako Andatza auzoan (17.30ean). Ainitze Zumetak iaz lortutako garaipenari eusteko aukera izango du. Zarauztarrak 4.750 kilo pilatu zituen iaz, eta atzean utzi zituen aurten ere parte hartzekoak diren Lierni Osa (4.250), Olaia Esnaola (4.187,5) eta Maddi Gesalaga (3.625). Orain dela egun batzuk, gainera, Zumetak Zarauzko Bi Harri Txapelketa irabazi zuen, bere momentu ona berriro erakutsiz.

Izena eman dutenen zerrendan Aroa Sánchez, Udane Ostolaza, Goizeder Abendibar, Garazi Ansa eta Estefanía Etxebeste ere ager-tzen dira.  

Parte hartzaileek bosna arrobako (62,5 kilo) zilindroa, kuboa eta esfera altxatu beharko dituzte.

Kintopekoen Txapelketa

Aian bertan, kasu honetan Elkano auzoan eta eguerdiko 12: 00etan, gizonezkoen Gipuzkoako Kintopeko Harri-jasotzaileen Txapelketa jokatuko da. Imanol Royo –Lartain–, Jon Agirre eta Aratz Zubeldia arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila. 

Parte-hartzaile bakoitzak 100 kiloko harri kubikoa eta pisu bereko zilindro zahar bat jaso beharko ditu.