Itxaropena, zalantzak eta egonezina nagusitu zitzaizkien Hodei Ezpeleta Bihurri-ri eta Jokin Urretabizkaia Basozabali, Urrestillan jokatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finaleko azken enborra moztu zutenean. Segundo batzuez, hamabigarren enborra mozten amaitu bezain laster, inork espero ez zuen garaipenaren baieztapena aurkitu nahi zuten eibartarrak eta donostiarrak bertan zeudenen aurpegietan, eta egindako balentriaren berri jakin bezain pronto elkar besarkatu ziren pozaren pozez. 

Ezusteko bi txapeldunek bigarren aukeran lortu behar izan zuten finalerako txartela, euren multzoan Iker Vicente eta Jon Rekondoren aurka galdu ondoren. Hain zuzen ere, Ezpeleta eta Basozabal bikote nafarraren atzetik ibili ziren finaleko sei diziplinetatik lautan. Mikel Larrañaga eta Txomin Amundarainekin batera aurreko txandan jardun zuten Vicentek eta Rekondok, 27 segundoko aldea zuten irabazleekiko berez gogorrena zen azken probari ekiterakoan; egin beharreko lana, 54, 60 eta 65 hazbeteko dozena erdi enbor moztea zen. Eibartarrak eta donostiarrak sekulako lana egin behar izan zuten txapelak eskuratzeko; guztira 17 minutu eta 19 segundotan ebaki zituzten, Vicente eta Rekondoren denbora 50 segundoan hobetuz.

Hirugarren postua Mikel Larrañaga eta Txomin Amundarainentzat izan zen (18:52). Azpeitiarra eta Arribekoa enbor bertikaletako bi probetan urrundu ziren lehen postutik, abiadura proban gailendu baziren ere.

Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ioritz Gisasola Zelai IVak osatutako bikotea izan zen laugarren, 19:16ko denborarekin. Azkoitiarra eta bizkaitarra bigarren ziren azken probari ekin aurretik, bikote nafarrarengandik 24 segundora eta garaileekiko hiru segundoko errentarekin, baina azken sei enborretan kateatu egin ziren, eta azkenean Ezpeletak eta Basozabalek baino bi minutu gehiago behar izan zituzten lana burutzeko.

Harri-jasotzaileen txapelketan, Paulo Azpiazu nagusitasunez gailendu zen. Bere palmareseko bigarren titulua lortu zuen bergararrak jasoaldi gehien egin zituen lau harrietatik hirutan, guztira 8.175 kilo altxatuta. Xabat Olaizolak 7.512,5 eraman zituen bizkarrera eta Hodei Iruretagoienak Izeta IV.ak, 6.387,5. Mikel Lopetegi Urrak ez zuen parte hartu lesionatuta dagoelako.

Urrestillako Txikuri pilotalekuan bildutako ikusleen artean Carlos Checa motoziklismoko pilotu ohia ere izan zen.

Azpiazuk nagusitasunez irabazi zuen harri-jasotzaileen txapelketa Gorka Estrada