- Guraso Eskolen programazioa prest dute Zumaian. Hala, ireki berri dute 0-6 urte bitarteko haurren gurasoen bizipen tailerretan izena emateko aukera. Urtarrilaren 10era bitartean eman beharko dute izena herritarrek, herriko ikastetxeek korreo elektroniko bidez zehaztu duten moduan, Gizarte Zerbitzuen Branka eraikinean edota 943 862 200 telefono zenbakira deituta.

Aurten bost saioko programa izango da, larunbatetan guztiak:urtarrilaren 22an izango da aurrena, eta hurrengoak, otsailaren 19an, martxoaren 26an, apirilaren 30ean eta maiatzaren 21ean.

Dinamizatzaileak aurreko urteetako berdinak izango dira, Jon Urdineta eta Itziar Rosado psikomotrizistak, eta bi talde osatuko dira bata euskaraz, bestea gazteleraz.

sei eta 18 urte bitarteko haur zein nerabeen gurasoek ere izango dute aukera Guraso Eskolan parte har-tzeko. Horien kasuan, hiru hitzaldi desberdin entzuteko aukera izango dute. Martxoaren 1ean Emozioen garrantzia familian. Nola zaindu seme-alaben emozioak? hitzaldia eskainiko du Leyre Cano psikopedagogoak. Martxoaren 22an gazteak eta substantzien kontsumoa izango du hizpide Estibaliz Ansotegi psikologoak (gazteleraz izango da hitzaldia). Azkenik, apirilaren 26an, haur eta nerabeen ongizaterako garapen osasuntsu baterako gakoak azalduko ditu Donna Apelaniz; hitzaldi hau hamabi eta 18 urte bitartekoen gurasoei zuzenduta dago.