- Bederatzi eta hamaika urte bitarteko lagunez osatutako haurren kontseilua sortuko du Zumaiak. Bertako hiru eskoletako hamalu haurrek osatuko dute, eta hilean behin bilduko dira, herriaren inguruko beraien iritzia plazaratzeko eta alkateari euren proposamenak azaltzeko. Kontseiluaren eraketarekin, besteak beste, "umeen partaidetza bultzatuko dituzten iniziatibak martxan jartzea" da Udalaren asmoa, eta, "haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematea".

Hain zuzen, Herri Eskolako, Oikiako Eskolako eta Zumaiena ikastetxeko laugarren eta bostgarren mailako haur guztiei plazaratu die kontseiluaren parte izateko eskain-tza. Parte hartu nahi dutenek eskolan adierazi beharko dute, eta guztien artean, zozketa bidez aukeratuko da hamalaukoa.

Zozketan ateratzen diren haurren familiekin harremanetan jarriko da Zumaiako Udala, Solasgune enpresako dinamizatzailearekin batera kontseiluaren inguruko informazio bilera egiteko. Kontseilua urrian zehar eratuko da, eta hilaren 25ean egingo du lehenengo bilera.

Kontseiluan parte hartzen duten pertsonek "beren ikuspuntu, interes eta behar partikularren berri emango dute, eta ez dute beste inor ordezkatuko, ezta eskola ere". Hala ere, aurreratu dutenez bertako ondorioen berri eman ahal izango dute beren eskoletan.