Azpeitiko Zezen Beltz elkartearen asteburu bereziaren hamabigarren edizioa hilaren 16an eta 17an egingo da. Antolatzaileek dagoeneko eman dute ezagutzera egun horietarako prestatutako egitaraua eta aurreratu dutenez partaidetza handia izango da. Guztira, 46 lagun ariko dira urtero Azpeitiko eta inguruko herrietako zaletuen artean arrakasta handia izaten duten Grand Prixean, uztaietan eta errekortarietan.

Edonola ere, XII. Zezen Beltz Asteburuari hasiera eman eta giroa bero-tzen joateko umeentzako zezen txikiak eta poniak izango dira datorren larunbatean (12.00etan) Perdillegiko jolas tokian. Arratsaldean, berriz, Azpeitiko zezen plazan izango da hitzordua; 17.00etan hasiko den Grand Prix ikuskizunarekin, hain zuzen ere.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekitaldi horretan arituko diren taldeak erabakita daude jada: "Lau talde izango dira, zazpina lagunekin; denak ere, Azpeitiko gazteak, neska-mutilak". Talde bakoitzak sei jolas egin beharko ditu, ordu eta erdi iraungo duen saioan: "Bi jolas zezenekin izango dira, eta besteak obstakuluekin eta puzgarriekin".

Urriaren 17an ere umeentzako zezen txikiak eta poniak egongo dira Perdillegiko jolas tokian (12.00etan); arratsaldean uztaien eta errekortarien saioa izango delarik (17.00etan zezen plazan).

Uztaiekin lau bikote ariko dira, bina lagunekoak. Gero neska errekortariek parte hartuko dute (horietako bat June Urain azpeitiarra izango da).

Hauek bigantxa gazteak izango dituzte aurrean eta beraien partaidetza amaitzerakoan 16 urteko lau lagun ariko dira bigantxekin, errekortari lanetan. Azkenik, 16 urtetik gorako beste lau lagun aterako dira plazara, idisko gazteekin.

Grand Prixeko eta errekortarien saioko sarrerak salgai daude (5 eurotan) Korrale, Mendizabal, Jim Clark, Intz, Berdie eta Eguzkitza tabernetan. Egunean bertan ere, zezen plazako leihatilan erosi ahalko dira, "saioa hasi baino ordubete lehenagotik".