Zaharrak berri, Salbatore Mitxelenan

03.10.2021 | 00:07
Eraikinaren teilatuan jarri dituzten 177 eguzki plaka. Argazkia: N.G.

1975eko eraikina erreformatzen ari dira gutxinaka; aurten Lehen solairua eta teilatuaren txanda izan da

"Zer berri? Zaharrak berri!" esaerarekin hasi zuen mintzaldia Itziar Elorzak, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako guraso elkarteko lehendakariak. 1975ean inauguratu zuten ikastola eta ordutik, ehunka ikasle pasa dira bertatik. "Garai hartako gelak zaharkituak zeuden, nahiz eta hainbat gurasoei bertara sartu eta burdinezko armairu berde baxua berriz ikustean, irribarrea ateratzen zitzaien", aitortu zuen.

Kontuak kontu, eremuak premia handia zuela iritzita, zaharra berritzen ari dira eta aurtengoan, lehen solairua eraberritu dute alde batetik, eta bestetik, teilatuan eguzki plakak jarri dituzte, energia aurrezteko asmoz.

Bi berrikuntza horiek iragartzeko eta bide batez, inaugurazio ekitaldia egiteko ostiralean bildu ziren Salbatore Mitxelenako eraikinean ikastolako zuzendaria den Olatz Zubimendi; administrari orokorra, Unai Lekuona; Itziar Elorza guraso elkartetik; hainbat irakasle eta ikasle eta Udaleko ordezkariak, tartean, Irune Urbieta, Udaleko kulturako zinegotzia. Kantuan zein bertsotan eta hainbatek emozioa begietan zutela igaro zen ekitaldia.

177 eguzki plaka Ikastolaren apustua beti izan da "energia berriztagarrien alde lan egitea". Horregatik, gelak berritzeaz gain, instalazio hauek jarri dituzte aurten. "Urteak daramatzagu horrelako proiektu bat gauzatzeko. Aurten, azkenean, iritsi da ordua", azaldu zuen Lekuonak. Hemendik aurrera energia beharrak eguzki indarraren bitartez asetuko dituzte. Guztira, 177 eguzki plaka jarri dira eraikinaren hegoaldean. Izan ere, "izugarrizko teilatua dugu alde horretan eta argindarra sortzeko aukera paregabea iruditu zaigu. Aurrerapauso handia izango da ikastolarentzat", aitortu zuen Lekuonak. Egun, instalazio guztia eginda dute, eta azkenengo adituen oniritziaren zain daude.

etorkizuneko proiektuak Etorkizunari begira, beste hainbat esku-hartze aurreikusten dituzte. Besteak beste, eraikinaren fatxada eta leihoak berritu nahi dituzte. Kanpo espazioari dagokionez, zelai berri bat egitea da asmoa eta paraleloki, kirol zelai estalia eta jangela berri bat.

Orain arte egindakoak, bestalde, honakoak dira: portxea berritu zuten, 2017an; azpiko solairua berritu 2019an eta azken hau, lehen solairua eta teilatuko eguzki plakak.

noticias de noticiasdegipuzkoa