- Orioko Udalak herri bara-tzak adjudikatzeko prozesua ireki du gaur. Interesa duen herritar orok Udalean aurkeztu dezake horiek ustiatzeko eskaera. Horretarako, udal webgunean eskuragarri jarri duten eskuorria bete beharko da, ekainaren 25era bitartean.

Udalak 45 partzela dauzka adjudikatzeko. Horietatik sei zuzenean adjudikatuko zaizkie terrenoaren gaur egungo erabiltzaileei, lau urterako. Beraz, 39 partzela dira bana-tzeko daudenak, bakoitza 40 m2-koa.

Behin eskaerak aurkezteko epea igarotzen denean, uztailaren bukaera aldera egingo da partzelen zozketa publikoa. Aldez aurretik jakinaraziko da egun zehatza.

Dena den, parte hartu ahal izateko honako baldintza hauek bete beharko dira: Orion erroldatuta egotea eta herrian bizitzea (gutxienez, azken sei hilabeteotan); Orioko Udalarekin zorrik ez izatea; familia unitatean ez izatea beste inor baratze ekologiko baten erabiltzaile dena; baratzen araudia ez betetzeagatik aurrez zigorrik ez jaso izana; baratzea erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean Orion erroldatuta izatea eta ez eskatzaileak eta ez haren etxeko inork ez izatea nekazaritzarako egokia den lursailik jabetzan edo usufruktuan.

Bestalde, gaiari buruzko azalpenak emateko asmoz, ekainaren 22an hitzaldia antolatu du Udalak. Arraunetxean izango da, 19.00etan.