- Asteburu honetan ireki dute Zarauzko Kortazarreko aparkalekua eta beraz, gaurkoz autoek bertan aparkatzeko aukera dute.

Aurten hilabete lehenago irekitzea erabaki da, alarma egoera amaitu ondoren herrira irits daitezkeen bisitariek sortuko duten aparkaleku beharrari erantzuna emateko.

Gainera, egokitzapen lanak egin dituzte. "Kortazarreko aparkalekua erabiltzen jarraitzeko herritarrek egiten zizkiguten hobekuntza-eskaerei erantzuna eman diegu, une honetan herriarentzat ezinbestekoa dela uste baitugu aparkaleku hau" zehaztu du mugikortasun zinegotziak, Iker Basurkok. Izan ere, inguruko bizilagunek hauts asko sortzen zela iritzi zuten. Arazo horri aurre egiteko, hainbat esku-hartze burutu dituzte: lurra nibelatzea, belarra moztea eta ibilgailuen errodadura finkatzeko produktu espezifiko baten 160 tona zabaltzea zirkulazioarekin hautsa ez altxatzeko. Lurzatia hobetzeko lan horiek Herrilan eta Lorezaintza Departamentuetatik egin dira, Txukun Lorazantza enpresarekin batera.

Hilabete honetan zehar doan aparkatuko ahal izango da bertan, eta ekainaren 3tik aurrera, udako denboraldia irekitzen den egunetik aurrera, aparkaleku horretan kobratzen hasiko da TAO zerbi-tzuaren bitartez, aurreko urteetan bezala.

Kortazarreko eremu urdinarekin batera, Salberdineko eremuan dagoen aparkalekuan, 75 plaza gehiago jartzea aurreikusten du Udalak. Era berean, Astiko kirol-guneko aparkalekua TAOk araututako eremuaren barruan aurreikusi da, eta horrela erabili ahal izango da, beharrezkoa izanez gero.

Bestalde, datorren astelehenetik aurrera egongo da zabalik Zumaiako TAO bulegoa, astelehenetik ostiralera, 9.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Aurten ere Kantauri plazan (7. zenbakian) egongo da, eta bulegorako sarrera Gernikako parkearen aldetik egin beharko da. Hala, txartel berria egiteko, zalan-tzak argitzeko, aldaketen berri emateko (helbidea aldatzea, ibilgailua aldatzea, iazko txartela puskatu edo galtzea...) zein erreziboetako akatsak konpontzeko, herritarrek bulegora deitu edo idatzi beharko dute, hi-tzordua hartzeko. Hitzorduak bihartik aurrera eskatu ahal izango dira e-posta bidez: zumaiatao@eysaservicios.com. Irekiera egunetik aurrera, telefono zerbitzua jarriko dute (627 098 718).