- Getariako Txakolinaren ekoizleentzat garrantzi handiko hitzordua da San Anton eguna eta Txakolin Eguna, uzta berriaren dastaketa eta aurkezpena egiten baitira. Egun seinalatua da, halaber, Mahasti Jaun, Getariako Txakolina Jatorri Deiturak txakolinaren, gastronomiaren eta euskal kulturaren alde lan egiten duten pertsonaren bat omentzen baitute. Aurten, ordea, gainontzeko kasuetan gertatu den bezala, ez da festa bere horretan ospatzeko aukerarik izango. Dena den, getariarrek izango dute zer egin datorren asteburuan. Udalak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu egun handiaren harira. Liburu baten aurkezpena, bertso saioa, ikuskizun eta antzezlan bat izango dira, hurrenez hurren getariarren gozagarri.

Getariako naufragioak. XX. mendea liburuaren aurkezpenarekin irekiko dute ekitaldi sorta. Ana Maria Benito eta Javier Mazpule idazleek, eskainiko dute hitzordu hau eta ostiralean izango da, 12.00etan, arrantzaleen kofradian. COVID-19a dela eta, ordea, protagonistek eta haien ingurukoek soilik izango dute bertan egoteko aukera. Ondoren, liburuak herritarren eskuragarri jarriko dituzte turismo bulegoan.

Urteroko San Antonetako bertso saioak ere izango du lekua. Oraingoan, Cristobal Balenciaga museoan ospatuko da, ostiralean, 19.00etatik aurrera. Bertsolariak honakoak izango dira: Aner Peritz, Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Oihana Bartra. Gai-jartzaile lanak, berriz, Ane Ezenarrok egingo ditu.

Igandean, San Anton egunarekin batera, Neguko Zirkua, familia osoarentzat ikuskizuna izango da, 12.00etan, Sahatsaga kiroldegian. Ondoren, Matriuska antzezlanak borobilduko du eguna. Azken hau, 19.00etan hasiko da, Iturzaeta aretoan.

Ekitaldi guztietarako sarrerak gaur jarriko dituzte eskuragarri, Getariako turismo bulegoan. Bertso saioaren kasuan, hamar euroan salduko dira. Ikuskizunerako, gonbidapena eskuratu beharko da eta antzezlanera joan nahi duten herritarrek, bost euro ordaindu beharko dituzte.