- Herrian zehar hobekuntzak egiteko eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa da eguneratua izatea eta Getariako azken Irisgarritasun plana 2009koa zen. Hau guztia kontuan hartuta, Getariako Udalak gaurkotu egin du txostena. Ikersarea enpresa arduratu da azterketa egiteaz, eta 22.143ko kostua izan du, guztira.

“Herritar guztiek herriko txoko guztietara iristeko baliabideak edukitzea da Udalaren helburua eta horretarako, beharrezkoa da oztopoak eta zailtasunak identifikatzea, ondoren irtenbideak eman ahal izateko”, azaldu zuen Haritz Alberdi Getariako alkateak.

Hala, irisgarritasuna lau aspektuetatik aztertu dute: hiri-altzariak, hemeretzi udal eraikin, garraioa eta komunikaziori eman diote garrantzia. Gainera, nahiz eta Udalaren eskumena ez izan, portuan egin beharreko ekintzak ere sartu egin dituzte. Alberdik adierazi zuenez, portu agintaritzarekin bilera bat egitea da asmoa eta plana azaltzea, “portuan esku-hartzeren bat egin nahi dutenean kontuan izan dezaten plana”.

Bien bitartean, legealdi honetan egin nahi dituzten proiektuak zehaztu dituzte. Elkano, General Arnao eta Aldamar kaleetan zenefak jarriko dira; Malkorbe hondar-tzako pasealekuko espaloia irisgarri bihurtuko dute, farolak lekualdatuz. Aldi berean, Aldamar kalean dauden eskailera mekanikoei ere irtenbide bat ematea da asmoa “ez baitira irisgarriak”.

Gaurkoz, Getariako Udalak herritarren eskura jarri du plan guztia eta hainbat panel daude ikusgai udaletxe sarrerako aretoan.Ikusteaz gain, getariarrek ekarpenak egin ditzazkete. Horretarako, bi bide jarri dituzte: udaletxera zuzenean jo daiteke edo edo getariarrenpartehar-tzea@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea da beste aukeretako bat. QR kodeak ere kontsultatu daitezke bertan.

Irudi hauek, Udaltzaingoaren ordutegian ikusi ahalko dira. Eremua zabalik izango da astelehenetik igandera, ostegunetan izan ezik, 09.00etatik 14.00ak arte.