- Zarauzko Udalak Urteta auzoko frontoiko argiteria pizteko sistema aldatu du. Orain arte, argiak automatikoki pizten ziren 18.00ak inguru eta 23.00etan itzali, erabiltzaileak bertan egon ala ez.

Orain, ordea, botoi bidezko sistema jarri dute. Hala, 17.00ak eta 23.00ak bitartean, argiak pizteko aukera izango da. Erabiltzaileek botoi berdea sakatu beharko dute argiak pizteko frontoira iristen direnean eta, joan baino lehen, botoi gorriari sakatu, argiak itzaltzeko.

Sistema berri honen bidez, Zarauzko Udalak energia aurreztea lortuko du.

Bestalde, duela bi aste pasatxo, Iñurritzako frontoian irisgarritasuna bermatzeko arrapala jartzeko lanetan hasi ziren. Izan ere, orain arte frontoira iristeko eskailerak bakarrik egon dira eta ondorioz mugikortasun zailtasunak zituzten pertsonak ezin zuten bertara iritsi. Egoera hori zuzentzeko jarriko dute arrapala. Dena ondo bidean, urte bukaerarako hobekuntzak amaituta izatea aurreikusten dute.