- Azaroaren 25ean izango den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunean eskualdeko ikastetxe guztiek elkarretaratze birtuala egingo dute online .

Eskualdeko Hezkidetza Foroak deitu du elkarretaratzea. Urola Kostan hezkidetzaren eta tratu onen kultura zabaltzeko asmoz antolatzen ditu ekitaldiak urtero. Aurtengoa, ordea, ezberdina izango da. COVID-19ak ez du ahalbidetzen ekitaldi jendetsuak egitea. Beraz, kalean elkartu beharrean, telematikoki egingo dute dena. Ekitaldi bakarra izango da bailararako, gainera.

Hala, 12.00etan konektatuko dira ikastetxe eta Udal guztiak Berritzeguneak prestatutako gela birtualean.

Euskarria aldatu egingo duten arren, jarraituko duten eskema pasa den urteko bera izango da: lehendabizi, agiri bat irakurriko dute txandaka ikastetxeetako ikasleek, indarkeria matxistaren kontra agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Ondoren, Aner Peritz bertsolari zarauztarrak ekitaldirako sortu dituen bertsoak kantatuko dituzte.

Interneteko plataformaren bidez, 100 konexiotik gora eta Urola Kostako 2.500 ikasle inguruk parte hartzea espero dute. Halaber, kopuru handia dela ikusita, bideo bat prestatu dute sistema eroriko balitz gaia landu eta eskoletan gogoeta egiteko modua izan dezaten.