- Zarauzko Argazkizale Elkarteak XXVIII. Nazioarteko Argazki Mostra aurkeztu du Sanz Enean. Aurtengo edizioan lau artistek hartu dute parte erakusketan: Jota Barros, Maria Jose Cueli, Antonio Manta eta Lander Rezolaren lanak jarri dituzte ikusgai.

Pandemiak eragina izan du Argazkizale Elkartearen jardueran ere. Hala eta guztiz ere, "ahalegin berezia" egin dute lanean jarraitzeko, "oztopoak gainditzeko, eta artearen bidez jarduerari berrekiteko", azaldu dute.

Sanz Eneako argazki bilduma izan da horren emaitza. Elkarteko kideek aditzera eman dutenez, "argazkilariaren begiradak betikotutako lekuen, momentuen, bizidunen, oroitzapenen eta emozioen edertasuna" plazaratzen dute eta horren lagina da herritarren eskura Zarauzko kultur etxeko aretoan jarri dutena.

Gai anitz landu dituzte. Argazkilaritza eta irakaskuntza hartu ditu abiapuntu Barrosek; Mantak emakumeei egindako omenaldia ekarri du erdigunera eta Iztuetak proiektu "intimo eta pertsonalago" bat aurkeztu du Emak Bakia izenpean.

Urtarrilaren 17ra bitartean, egunero bisitatu ahalko da, bi orduz, 18.00etatik 20.00etara. Dena den, jaiegunak tarteko, abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean itxita izango da erakusketa.

Gai anitz hartu dituzte ardatz argazkilariek: irakaskuntza, argazkilaritza bera, emakumeei omenaldia edo proiektu intimoagoak